“Gaur egun 12 leku ditugu kontzertatuta, orain bost berri izango dira, beraz, 17 leku izango ditugu kontzertatuta. Guztira, 20 lagunendako lekua dago zentroan, eta muga hori ezin izango da gainditu”, esplikatu du Elena Berezibarrek, Soraluzeko Zentroa kudeatzen duen Aita Menniko koordinatzaileak.
Lan-jarduna handitu
Berezibarrek emandako xehetasunen arabera, aurrerantzean Soraluzeko zentroak izango dituen 17 erabiltzaileei zerbitzua emateko, zentroko hainbat langileren ordutegia handitu egingo dute: psikologoarena, erizainarena eta gizarte langilearena; eta begirale berria ekarriko dute, lan-jardun murriztuarekin.
Izena non eman
Era berean, eguneko zentroko koordinatzaileak gogora ekarri du, orain arte moduan, aurrerantzean ere, zentroan “lehentasuna” izango dutela soraluzetarrek: “Soraluzeko zerrendakoek izango dute sartzeko lehentasuna, eta gero Eibarkoei egingo zaie lekua, han itxaronzerrenda luzea dago-eta”. Eguneko zentroa erabili ahal izateko tokian tokiko gizarte zerbitzuetara jo beharra dagoela eta han izena eman behar dela ere gogorarazi du hark.
2016ko azaroan zabaldu zuten Soraluzeko Eguneko Zentroa, eta orain arte 12 erabiltzaile izan ditu; ratioen arabera funtzionatzen dute halako zerbitzuek, eta ratio horien arabera, 20 lagunendako lekua dauka Soraluzekoak. Gipuzkoako Foru Aldundia da zentroaren kudeatzaile, eta Aita Menni ospitalea arduratzen da funtzionamenduaz.