Auzoko egitasmoaren 5. jaia baliatuta, Gipuzkoako eta Arabako hamar herritan Auzoko egitasmoaren baitan egiten duten lana ikusaraziko dute, eta, aldi berean, parte-hartzaileak eta herritarrak elkartu eta “elkarrekin gozatzeko aukera” eman nahi dute jai horren bitartez.
Munduko jolasak, jakiak eta beste
Hori bultzatzeko, adin tarte guztietara egokitutako egitaraua osatu dute. Adibide batzuk ipintze aldera, eskulanen tailerrak izango dira umeendako, hainbat jatorritako jakiak probatzeko aukera ere bai, elkar ezagutzeko jolasak egingo dituzte eta eguerdi partean plaza-dantzen saio batekin emango diote amaiera festari. Besteak beste, Marokoko, Pakistango, Senegalgo, Saharako… hizkuntzak entzun ahal izango dira.
Auzoko egitasmoan ohi den moduan, euskara erdigunean jarrita egingo dute Auzoko jaia ere, jatorri ezberdinetako hizkuntza eta kulturak ezagutzeko bidea emanez. Azken batean, urte osoan egindako lanaren erakusleihoa izaten da Auzoko jaia.
Euskarara gerturatzen
Soraluzerekin batera, Eskoriatza, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Donostia, Ibarra, Oñati eta Gasteiz dira gaur egun Auzoko egitasmoa martxan duten herriak. Euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzeko helburuarekin, astero biltzen dira taldeak, ordu eta erdiz euskaraz aritu eta ongi pasatzeko.
Talde horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta, bide batez, elkarrengandik ikasteko. “Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa baita herrietan dagoen aniztasuna ezagutu eta aitortzearekin batera, hizkuntza guztion esku jartzea”. Hori azpimarratu dute Auzoko egitasmoa sustatzen duen Euskaltzaleen Topagunetik.