Hain justu, eta nahiz eta EAJk eta Espainiako Gobernuak pentsioen aldeko hitzarmena adostu dutela iragarri, Soraluzen, behintzat, eutsi egingo diete asteleheneroko protestei.
Hori bai, elkarte batek, Gipuzkoako erretiratuen eta pentsiodunen elkartea den Aguijupensek dagoeneko jakinarazi du ez duela parte hartuko pentsioen aldeko datozen mobilizazioetan.
"Ez da nahikoa"
Edozein modutan, eta elkarte horretako kide direnetako batzuei ere galdetuta, Plaza Berrian gaur protesta egin dutenen artean honako iritziak partekatu dituzte: EAJren eta PPren arteko hitzarmenari buruz diote ez dagoela “ezer garbi eta sinatuz gero ere bi urterakoa” izango dela igoera, “hortaz, gero berriro ere bueltatuko gara %0,25eko igoerara”. Beste baten ustez, berriz, bi alderdien artean hitzartutakoa ez da nahikoa, “nahikoa ez delako sekula”. Eta hirugarren batek azpimarratu du “gehiago” behar dela.
M26rako autobusa
Hori horrela, besteak beste, iragarri dute oraingo zapatuan Donostian manifestazioa dagoela deituta, 17:30ean. Eta maiatzaren 26an hiriburuetan manifestazio gehiago daudela iragarrita; hain zuzen azken horretara joateko izen-ematea abiaraziko dute Itxaropena elkartean, nahikoa herritar animatuz gero, manifestaziorako autobusa antolatzeko.