LAB sindikatuaren kasuan, Eibarren, Untzaga plazatik abiatuko da Langileen Nazioarteko Egunaren bueltan aurten antolatu duten manifestazioa, 12:00etan. Lan, bizi, herri duina izango da biharko leloa, eta “bi erronka izango ditu ardatz: eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea; eta aldaketa sozialerako grina edo gogo hori burujabetza prozesuarekin lotzea”.
1.200 euro, gutxienez
“Inboluzio” egoeran sartuta gaudela uste du LABek, eta besteak beste, “hamarkadetan” lortutako “garaipen sozialak kolokan jartzen” ari direla, azpimarratuta, “pentsio publikoa eraitsi” egin nahi dutela.
Plazaratuko dituen aldarrikapenen artean, berriz, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanastea, 1.080 euroko pentsioa, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala ezabatzea eta euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea aldarrikatuko ditu.
Eibarko mobilizazioan parte hartuko dute hainbat soraluzetarrek, eta tartean asteleheneroko protesta-gai den pentsioen duintasuna aldarrikatuko dute, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz.
"Langile pobreak"
ELA sindikatuak, berriz, aldaketa eragiteko mobilizazio sozialaren ezinbestekotasuna azpimarratuta, ohartarazi du “langile pobreak gero eta gehiago” direla, izan ere, “enplegua izatea ez da jada bizitza duina izateko bermea” sindikatuaren ustez. Halaber, adierazi dute “aurtengo Maiatzaren Lehena aukera bikaina” dela “feminismoak (M-8) eta pentsiodunek kalera eraman duten erreibindikazio oldea indartzeko”.
Horiekin batera, bestelako salaketak ere egingo ditu ELAk: “Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa” dela; “emakumeek diskriminatuta jarraitzen” dutela “bizitzaren esparru desberdinetan” eta besteak beste, salatu nahi du “pobreen arteko gerra” piztu nahi dutela: “Enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo pribatua; “paperak” dituzten migranteak eta ez dituztenak…”
ELAk bi mobilizazio egingo ditu: Bilbon, Jesusen Bihotzetik irtengo dena 11:45ean eta Iruñean, Gurutze Enparantzatik irtengo dena, 12:00etan.