Debarroko txistularien topagune bilakatuko da Soraluze

Ubane Madera 2018ko api. 29a, 19:00

Txistulariak eta abesbatza, Santa Eskean, aurten.

Maiatzaren 5ean Debarroko Txistularien Topaketa izango da Soraluzen; bestela esanda, Leintz Gatzagan hasi eta Mutrikurainoko txistularien arteko topaketa. 40 bat txistulari elkartuko dira, eta honako jarduna izango dute.

  • 10:30ean kalejira.
  • 13:00etan kontzertua, Plaza Zaharrean.
  • 15:00etan bazkaria Txokon

Domentx Uzin zuzendari dela egingo dute kontzertua. “Denetik piska bat joko dugu: habanera, baltsa, zortzikoa, Oskorriren pot-porri bat…”. 

Elkar ezagutzeko

Lehen aldia da Debarroko txistularien arteko topaketa egiten dela. Uzinek esplikatu du arrazoia: “Gu Leintz bailarako Txistulari Egunera joan izan gara, Arrasatek, Eskoriatzak eta Aretxabaletak txandaka antolatu izan duten egunera. Gure Txistu-Dantza Egunera etortzen dira eurak, baina txistuaren eguna bakarrik egin nahi genuen, ze gu Debagoienera joaten garenean harrera bikaina egiten digute eta guk eurei ere halakoa egin nahi diegu. Eta pentsatu genuen zergatik bakarrik Debagoieneko txistulariekin egin topaketa? Eta horrela, elkar ezagutzeko eta bailara guztiko txistulariak elkartzeko ideiarekin antolatu dugu topaketa hori”.

 

Egitaraua honakoa izango da: 

-Eibarko Kontrapasa (Kontrapasa)
Otzoal (Minuetoa)
Zorionak (Zortzikoa)
Txurkoene (Balsa)
Lexearena (Habanera)
Don Martin (Pasodoblea)
Oskorriren bilduma (Potpurria)
Ezozi (Fandangoa)
Arin-Arina 4819 (Arin-arina)
Atxolin (Biribilketa)