Berez, Europako legediak biriziklatzearekin lotuta zehaztutako helburu orokorretik (%50) gertu dago Soraluze. Baina, hobetzeko bide luzea dauka oraindik. Debabarreneko Deba eta Mutriku udalerriek, adibidez, erakutsi dute posible dela hondakinen %60a sailkatuta batzea. Eta zeresanik ez Debagoienekoek. Haiek erakutsi dute posible dela %80ra iritsi eta baita hori gainditzea ere.
Datuak hobetzen
Gaur gaurkoz, Soraluze da Debabarrenean birziklatze-tasarik baxuena duen bigarren udalerria (iaz tasarik baxuena zuen). Hain justu, Ermua da orain tasarik baxuena duena, baina antzinako edukiontzi-sistemarekin funtzionatu du orain arte; justu apirilean ipini dituzte berriak Ermuan, beraz, pentsatzekoa da hango datua ere hobetu egingo dela, eta azken urteotako joerari eusten badiote, baliteke Soraluzeko tasa gainditzea.
Soraluzeko datuak alderatuz, 2018ko otsailean Soraluzen 21.891 kilo organiko batu dira (%18,18); iazko urtarrilean 19.227 kilo batu ziren, eta iazko azaroan, aldiz, 16.776 kilo.
Errefusari begiratzen badiogu, 2018ko otsailean, 59.109 kilo errefusa batu dira; iazko urtarrilean 79.238 kilo eta iaz azaroan, 74.203 kilo.
Beraz, esandakoa: gutxi bada ere, datuak hobetu egin dira zertxobait. Hori bai, gainditu beharrekoen artean, sailkatuta bideratzen den hondakin-kopurua handitu beharraz aparte, bada kontuan hartzeko beste kontu bat: edukiontziak erabiltzeko ehun txartel baino gehiago hartu barik daude oraindik. Udaletxean eskuratu behar dira, Ingurumen teknikari Nekane Jauregirengana joanda.