Urrian abiaraziko dute Plaentxiako Esperientzia Gela

Ubane Madera 2018ko api. 27a, 12:07

“Oso ondo egon zen. Jende asko etorri zen. Ez genuen espero horrenbeste egotea, proiektu baten aurkezpena izanda”. Atzo aurkeztu zuten Itxaropena Elkartean udalerrian abiarazi nahi duten esperientzia gela, eta berba horiek adierazten duten moduan, interes handia eragin zuen proposamenak. Hori ikusita, urrian abiaraziko dute eta dagoeneko sei proiektu lantzea aurreikusi dute.

Atzo ere jendetsu joan zen Pertsona Nagusien Astearen barruan aurreikusitako ekitaldia: Plaentxiako Esperientzia Gelaren aurkezpena. Gauza bera gertatu zen herenegun, Eguneko Zentroan zein Mesedeetako egoitzan egin zituzten ate irekien jardunaldietan ere.

Bertatik bertara ikusten

Eguneko Zentroan adin askotako bisitariak izan zituzten, eskolako neska-mutikoak zein herritar helduak eta nagusiak. Elkar ezagutzen eta zentroa ezagutarazten lagundu zuen tarte aberasgarria partekatu zuten, jan-edanak lagunduta. 

Eta berdin egin zuten Mesedeetako egoitzan ere. Han Nagusilaneko Jose Mari Soroak musikatu zuen bisita. Egoitzako instalazioak erakutsi eta pertsona zentroan jartzen duen lan ereduaren gaineko azalpenak eman zizkieten bertaratutakoei. Bisitariei, gainera, egoitzan egiten dituzten lanen emaitzetako batzuk erakutsi zizkieten. 

Arrakasta

Bestalde, anbulatorioko medikuek, DYAko profesionalek eta udaltzainburuak gidatutako lehen sorospenen ikastaroak ere interesa piztu zuen Itxaropena elkartean.

Eta hori guztia gaur borobilduko dute, elikadurari buruzko jardunaldiekin, 18:30ean, Itxaropena elkartean. Juan Fernandezek gidatuko du saioa.

“Orain arteko gai guztiak irten dira Pertsona Nagusiak Ahalduntzeko programatik, eta uste dugu egunotako ekintzetan izandako arrakasta ere horregatik izan dela, hau da, pertsona nagusien ideiak errespetatu ditugulako gauzak antolatzerako orduan. Oso garrantzitsua izan da talde hau sortzea. Eta aurrera jarraitzea espero dugu”, adierazi du Alkarri elkarteko Juan Fernandezek. 

Ikasteko gogoa 

Eta aurrerako bide horretan landuko duten ekimenetako bat izango da Plaentxiako Esperientzia Gela. Atzoko aurkezpen ekitaldian eragindako interesa ikusita, urrian abiaraziko dutela jakinarazi dute, eta interesa duen edozeinek parte hartu ahal izango duela, nahiz eta berez, halako ekimenak izan erretiratuei eta aurre-erretiratuei zuzendutakoak, eta 50 urtetik gorakoendako. 

“Baina gure artean berba eginda, komentatu genuen interesgarria litzatekeela interesa duen edozeinek parte hartu ahal izatea. Egongo dira ekintzak nagusiei zuzenduta, baina egongo dira beste batzuk guztiek parte hartu ahalko dutela. Ikusten ari gara Eguneko Zentroan pertsona gazteekin ere gauza asko egin ahal direla, eta euren ekarpenak oso beharrezkoak direla eta baita nagusien ekarpenak eurendako ere. Horregatik pentsatu genuen interesgarria izango dela zabaltzea interesa eta ikasteko gogoa izan dezakeen edozeinendako”, esplikatu du Fernandezek. 

Euskara, memoria tailerra…

Hark emandako xehetasunen arabera, asmoa da jardueren egutegi bat egitea, hilero jarduera bat, 

iraupen desberdinetakoak. Urrian hasita, 6 proiektu landuko dituzte:

  • EuskaraX: “Eguneko Zentroan eta egoitzan egin dugu hau, eta oso sentsazio onak laga ditu. Atzo, gainera, erretiratu batek baino gehiago etorri zen esanez euskara ikasi nahi dutela”, dio Alkarriko kideak. 
  • Memoria tailerra: memoria lantzeko. 
  • Mugikorren, Interneten eta sare sozialen erabilpena: zortzi asteko proiektua da  eta erabiltzaileen beharren arabera sakonduko dugu arlo batean edo bestean. 
  • Emozioen kudeaketa. Zela kudeatu emozioak nagusiekin.
  • Zine-foruma: pelikula edo dokumental bat ikusi eta gero haren gaineko hitzaldia emango da. Eibarren arrakasta dauka horrek. Adibidez, bakardadeari buruzkoa izango da lehena. 
  • Irakurketa errazaren gaineko tailerra: mikro-liburutegia sortu nahi dute, irakurkera erraza ahalbidetzen duten hainbat libururekin. “Nahi duguna da jendeak jakitea zer den irakurketa erraza eta horrek zela funtzionatzen duen. Irakurketa errazak aukera ematen du irakurtzeko zailtasuna dutenei liburuak, aldizkariak… irakurtzen laguntzeko”, esplikatu du Fernandezek.  


Ekintza horiek guztiak lantzeko leku aproposena Itxaropena elkartea dela uste dute, bereziki, areto egokia duelako elkarteak eta nagusiak ohituta daudelako bertara joaten. 

Argazkiak: Eguneko Zentroa eta Mesedeetako egoitza.