20:00etan kazerolada, Sanferminetako erasoaren gaineko sententziarengatik

Ubane Madera 2018ko api. 26a, 16:24
Salaketa kartela.

Sexu abusu delituarengatik zigortu ditu Nafarroako Auzitegi Probintzialak Sevillako bost gizonezkoak 2016ko San Ferminetan 18 urteko neska bati taldean egindako erasoarengatik. Bestela esanda, epaiaren arabera, hura ez zen sexu erasoa izan. Besteak beste, hori salatzeko kazerolada deitu du Korner Moreak gaur, 20:00etan Plaza Berrian, Guk Sinisten Zaitxugu leloarekin.

Erasuen aurrian autodefentsa feminista! aldarrikatuko dute, besteak beste, iluntzeko protesta ekitaldian.

 

Udalerri gehiagotan

Eta Soraluzen moduan, bestelako udalerri batzuetan ere deitu dituzte protestak, #justizia patriarkala, #manada, #autodefentsafeminista eta #niksinistendizut etiketekin; Bergaran, Arrasaten, eta Eskoriatzan, esaterako. Baita hiriburuetan ere.

Izan ere, sexu abusua izan dela kontsideratzeak esan nahi du epaimahaiak ez duela frogatutzat eman eraso hartan indarkeria egon zenik. Eta horrek haserrea eragin du askoren artean.

Bederatzi urte

13:00ak pasata zirenean jakinarazi dute eraso honen gaineko epaia: Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak: Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Angel Boza Florido eta Jesus Escudero.  

Bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute guztiek ere, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari eta harekiko urruntze agindua ezarri diete, besteak beste. 

Dagoeneko iragarri dute helegitea jarriko diotela epaiari.