Gaztetxearen etorkizunaren gaineko hausnarketa fasea, bukatuta

Ubane Madera 2018ko api. 26a, 10:04

Gaztetxeko etorkizunaren gainean eragileekin, elkarteekin eta norbanakoekin egin asmo zituzten hausnarketa batzarrak atzo, eguaztena, bukatu zituzten. Batzar horien bitartez, zein bestela egindako inkesten bitartez batutako iritziekin txostena landuko dute orain, gero hura elkarbanatu eta guneak izan ditzakeen ezaugarriak definitzen hasteko.   

“Gaztetxearen etorkizunaz hausnartzeko beharra sentitu duen gazte talde batek” abiarazi zuen prozesu hau guztia.  

Hiru fasetan banatuta, azken helburua da Gaztetxearentzat “proiektu berria” sortzea: “Azken asanblada desegin eta erreleborik ez zegoenez, gunearen etorkizunaz kezkatuta agertu ginen kide batzuk batzen hasi ginen. Helburua, historikoki Gaztetxea izan den horretan, berriro ere gune aktibo eta bizi bat lortzea da”, esplikatu zuten ekimenaren hasieran. 

Etorkizuna aztergai 

Hain justu ere, Ufala Dator izeneko fasea da atzo bukatu zutena, lehenengoa. Fase horren barruan, bi hilabetez ordu eta erdiko batzar aktiboak egin dituzte Soraluzeko elkarte, eragile eta hainbat norbanakorekin. Eta inkestak ere bidali dituzte, galdetzeko zein izan beharko litzatekeen Gaztetxearen etorkizuna. 

Fase hori bukatuta, bigarrena abiaraziko dute orain: Urakapiñak Batzen: “Aurreko fasean jasotako iritziekin osatutako txostena elkarbanatuko dugu. Ondoren, gunearen ezaugarriak definitzen hasiko ginateke”, esplikatu dute.

Parte-hartze handia 

Eta fase hori ere bukatuta, azken urratsa etorriko litzateke: Sutan Epeltzen: “Aurreko faseko informazioa elkarbanatu eta praktikara begira proiektua martxan jartzeko beharrezko kontuak zehaztea litzake helburua”, esan dute.

Oraindik bada, hainbat hilabetetako lana badute aurreikusita. Edozein modutan, azpimarratzeko modukoa da orain arte herritar eta elkarte ugariren parte-hartzea ahalbidetu eta lortu dutela.