Atzo iluntzean, martitzena, Herriko Antzokian batzarra egin zuten, Eskola Bidearen lehen faseko diagnostikoan jasotakoa gurasoekin eta jakina, interesa duen edozeinekin partekatzeko. Atxolin Guraso Elkarteko, Udaleko eta eskolako ordezkariak eta hainbat guraso (oso gutxi) izan ziren antzokiko saiioan.
Bertan esplikatu zutenez, otsailean hainbat saio egin dituzte Plaentxi Herri Eskolako neska-mutikoekin ikusteko zein den eskolara oinez joatean aurkitzen duten errealitatea, haren alde onak eta txarrak.
Oztopo ugari
Hain justu, bi ekintza mota egin dituzte: Mapeo saioetan eskolara joateko umeek erabiltzen dituzten udalerriko sei ibilbide aztertu dituzte ikasgeletan; eta ondoren, Beldur eta Arrisku saioetan ikasgeletan aipatutakoa kalean bertatik bertara identifikatu eta markatu dute haurrek eurek.
Laburbilduz, haurrak eskolara seguru joatea eragozten duten oztopoak errepikatu egiten dira behin eta berriro Soraluzen: zirkulazio handia, txarto aparkatutako autoak, ikusgarritasun txikia, espaloi estuak, txakur kakak, zebra bideak kasu batzuetan ia ikusezin eta kasu gehienetan autoak ez dira zebra-bideetan geratzen herritarrak bertatik pasatzeko.
30-40 auto egunero eskolara
Beste datu esanguratsu batzuk ere helarazi zituzten atzoko batzarrean.
Esaterako, 111 umeren artetik soilik 55 joaten direla oinez eta bakarrik eskolara, 39 joaten dira oinez helduren batelk lagunduta, 7 urtetik aurrerakoak direla ia guztiak eta gainontzeko haurrak autoz joaten direla. Eta horrek beste ondorio bat ere badakar: batez beste, egunero 30-40 auto joaten dira eskolara umeak eramatera; horrek berezkoa duen arriskuarekin eta gainera, auto horietako asko txarto lagatzen dira goizeko ordu horretan, umeen joan-etorria zailduz.
Ekainean proba pilotua
Hau guztia gurasoekin partekatuta eta haien kezkak jasota, Eskola Bidea egitasmoaren hurrengo pausoa izango da eskolara joateko bide seguruen diseinua (maiatzaren amaieran emango dute horren berri) eta ikasturte honetan egingo duten azkeneko jarduna: proba pilotua (ekainean).
Ondoren etorriko litzateke Eskola Bidearen inplementazioa, datorren ikasturtetik aurrera, gradualki egin nahi dena.