Itxaropena elkartea gainezka, Pertsona Nagusien Bigarren Astearen hasieran

Ubane Madera 2018ko api. 24a, 15:23

Soraluzen bete-betean murgilduta daude Pertsona Nagusien Bigarren Astean. Atzo hasi zen, Itxaropena elkarteko aretoa gainezka zegoela. Bihar, berriz, ate irekiak izango dira Eguneko Zentroan eta Mesedeetako egoitzan, eta eguenean Plaentxiako Esperientzia Eskola aurkeztuko dute, luntxa barne. Jardunaldi gastronomikoekin borobilduko dute astea, barikuan.

Atzo, astelehena, Pertsona Nagusien Bigarren Astea aurkeztu ondoren, hitzaldia eman zuen Aita Menniko mediku Iñaki Salegik. Aurretiazko borondateak izan zituen hizpide. Itxaropena elkarteko aretoa gainezka zela berba egin zuen aurretiazko borondateak jakinaraztearen garrantziaz.  

Laburbilduz, Salegik azpimarratu zuen bizitza osoan zehar pertsonarendako bizitza horren kalitatea geroz eta garrantzitsuagoa den moduan, garrantzitsua dela, baita ere, bizitzaren amaiera zelakoa nahiko lukeen izan. 

Pertsona protagonista 

Bestela esanda, aurretiazko borondateak adierazita, pertsona bera bilakatzen da bere osasunarekiko protagonista; berak planifikatzen ditu etorkizunean jaso nahi dituen zaintzak zelakoak izan behar diren, bereziki, erabakiak bere kabuz hartzeko gauza ez denean. Eta zaintza horren barruan sartzen direla zaintza fisikoak zein emozionalak. 

Pertsona Nagusien Astearekin jarraituz, gaur, lehen sorospenen ikastaroa egingo dute. Bihotz-Biriken berpizte teknikak landuko dituzte, eta besteak beste, desfibriladorea erabiltzen erakutsiko diete. 

Estigmak gainditzen

Bihar, berriz, pertsona nagusiekin lotuta Soraluzen dauden zerbitzuak bertatik bertara ezagutarazten laguntzeko helburuarekin, ate irekien jardunaldia egingo dute, goizez Eguneko Zentroan (11:00etan) eta arratsaldez, Mesedeetako egoitzan (17:00etan). 

Ate irekion helburua ere bada pertsona nagusiendako zentroek duten zelanbaiteko estigmatizazioa gainditu eta halako zentroen erabilera normalizatzen laguntzea. 

Petra eta Elena, gustura asko

Ildo beretik, Pertsona Nagusien Bigarren Astearen aurkezpen ekitaldian, astea bera antolatzen lagundu duten Eguneko Zentroko eta Mesedetako egoitzako erabiltzaile banak berba egin zuten. Eta biek ala biek azpimarratu zuten zentro horiek eurei ekarri dizkieten onurak. 

Petrak, adibidez, jakinarazi zuen berak ez zuela Eguneko Zentrora joan nahi, eta orain berriz, gustura asko egoten dela bertan: “Pozik nago ze etxean egiten ez nituen gauza mordoa egiten ditut hemen”.  

Eta Elenak argi adierazi zuen berarendako egoitzan daraman denbora bere bizitzako denborarik onena dabilela izaten: “Horrelako atsedena daukat, dena eginda, eta bertako langileek ezin hobeto tratatzen naute”.

Hitzaldiak, ikastaroak eta beste

Eguenari dagokionez, berriz, Soraluzen landu nahi duten egitasmo berri baten berri emango dute: Plaentxiako Esperientzia Gela. Aurkezpen horretan eskuratzen den feedbacka zein den ikusita bideratuko dute aurrerantzean egitasmo berria. Hori horrela, eguenean bertaratzeko animatu zituzten atzo Itxaropena elkartean izan ziren herritarrak. Besteak beste, eguenean luntxa izango dela ere jakinarazi zuten. Eta halako gela batek ekar lezakeenaren adibide modura, gaur egun kiroldegian nagusiek egiten dituzten luzaketa ariketak horren ondorio direla jakitera eman zuen Juan Fernandezek, Pertsona Nagusien Bigarren Astea koordinatzen dabilen Alkarriko kideak.

Gastronomiari tartea

Eta Pertsona Nagusien Bigarren Astea borobiltzeko, gastronomiari tartea egin eta barikuan, elikadura, historia eta osasuna uztartzen dituen jardunaldi gastronomikoak landuko ditu Juan Fernandezek berak, Sukaldaritza. Zaporea. Historia. Mahai-ingurua izenburuarekin. Jardunaldion helburua da berez ohikoak ez diren jakiak elkarrekin uztartzea, jakion jatorria eta historia esplikatzea eta bukaeran, guztien artean emaitza dastatzea.