Mobilizazioak ugaritu egingo dituzte

Ubane Madera 2018ko api. 23a, 15:06

Pentsioen aldeko elkarretaratzea gaur, apirilaren 23an.

Beste behin 200 lagunetik gertu elkartu dira Plaza Berrian, pentsio duinak aldarrikatzeko astero egiten dabiltzan protesta ekitaldian. Datorren astelehenean, berriz, elkarretaratzea barik manifestazio zaratatsua egingo dute Soraluzen, eta martitzenean, Maiatzaren 1ean, hainbatek aditzera eman dute Eibarrera joango direla, bertan egingo diren langileen manifestazioetan pentsio duinak aldarrikatzera.

Izan ere, nekatu barik tinko eusten diote “dagokiena” defendatzeari eta urtarrilaren erdialdeaz geroztik pentsio duinak exijitzen dabiltzanek borondate argia dute dute orain arteko bide beretik segitzeaz gainera, indartsuago ekiteko.

Manifestazio zaratatsua

Horren adierazle, datorren astelehenean, 12:00etan zarata ateraz barreiatuko dute lau haizetara pentsio duinen aldarria Soraluzeko kaleetan; martitzenean, berriz, Maiatzaren 1aren bueltan Eibarren egingo diren langileen manifestazioetara ere eramango dute eskaria hainbat soraluzetarrek.

Maiatzaren 26an, Bilbon

Eta horrez aparte, maiatza bero datorrela dirudi, ze deitu dituzte pentsioen aldeko bestelako mobilizazio handi batzuk; besteak beste, maiatzaren 5ean eta 26an, Bilbon. Eta bereziki deitu dute maiatzaren 26ko mobilizazioan parte hartzeko, aste horretan ahalegindu behar da-eta, Rajoyren gobernua Estatuko aurrekontuak onartzen. 

Azken deialdi horiei dagokienez, oraindik ez dira soraluzetarrengana ailegatu, baina jaso bezain laster Bilbora joateko autobusa antolatzen ahaleginduko direla jakinarazi dute.