Txakurrendako parkea gertu dago, Atxuriko goiko aldean

Ubane Madera 2018ko api. 20a, 15:28
Kulunka eta txakurrek salto egiteko gailu bana ipini dituzte parkean.

Egokitzapenak bukatuta eta jostailuak ipinita, zabalik eta erabilgarri dago txakurrendako Soraluzeko lehen parkea, Atxuriko parkearen goiko partean egokitu dutena. Ez dauka ordu mugarik erabiltzeko eta barruan txakurrak solte ibil daitezke.

Goizean zabaldu dute txakurrendako parkea, Mesedeetako egoitzara bidean egokitu dutena. Hesiz babestuta dago, eta sarreran parkearen erabilera arauak azaltzen dituen kartela ipini dute. Hala, bertan azaltzen den moduan, parkean txakurrak solte ibil daitezke, beti ere, txakur-jabearen kontrolpean.  

300 euroko isuna

Are gehiago, udalerrian txakurrak solte erabiltzeko leku bakarra da parke hura. Izan ere, ordenantzaren arabera txakurrak herri barruan lotuta erabili behar dira derrigor, bestela isuna izan lezake jabeak, 300 eurora artekoa.  

Jolaserako gailuak

Txakurrendako parkeak 500 metro karratu ditu, txakurrak jolasean ibiltzeko kulunka bat eta salto egiteko beste gailu bat, eta baita haien kakak batzeko poltsak eta zakarrontziak ere. 

3.000 euroko inbertsioa egin du Soraluzeko Udalak espazio hura egokitzen, herriko hainbat txakur-jaberen eskariari kasu eginez.