Biharkoak eginda, barikura arte denetariko ekitaldiak izango dira Soraluzen nagusiei zuzenduta.
Hori horrela, etzi martitzena, 16:00etan hasi, eta anbulatorioko medikuek eta gai horretan aditu direnek gidatuta, lehen sorospenen ikastaroa egingo dute, Itxaropena elkartean.
Desfibriladorea
Hain justu, larrialdi egoeretan zela jokatu erakusteaz gainera, Itxaropena elkartean ipini berri duten desfibriladorea zela erabili erakutsiko diete nagusiei. Ikastaroa doan da eta ateak zabalik ditu edozeinendako.
Eguneko zentroa eta egoitza
Bestalde, pertsona nagusikin lotuta Soraluzen dauden zerbitzuak bertatik bertara ezagutarazten laguntzeko helburuarekin, eguaztenean ate irekien jardunaldia egingo dute goizez Eguneko Zentroan (11:00etan) eta arratsaldez, Mesedeetako egoitzan (16:00etan).
Bi entitateak ezagutzeko interesa duten herritar guztiak daude bertara gonbidatuta, eta ate irekiak egiteaz batera, bi zentroetan bestelako ekitaldiak ere partekatuko dituzte.
Esperientzia gela
Eguenari dagokionez, Soraluzen landu nahi duten egitasmo berri baten berri emango dute: Plaentxiako Esperientzia Gela. Aurkezpen horretan eskuratzen den feedbacka zein den ikusita bideratuko dute aurrerantzean egitasmo berria.
Adibide modura, gaur egun Soraluzeko hainbat pertsona nagusik kiroldegian egiten dituzten luzaketa ariketak Eibarko Esperientzia Gelaren bitartez gauzatu dira.
Elikadurari buruzko jardunaldiak
Eta II. Pertsona Nagusien Astea borobiltzeko, barikuan, elikadura, historia eta osasuna uztartzen dituen jardunaldi gastronomikoak landuko ditu Alkarri elkarteko Juan Fernandezek, Sukaldaritza. Zaporea. Historia. Mahai-ingurua izenburuarekin.
Jardunaldion helburua da berez ohikoak ez diren jakiak elkarrekin uztartzea, jakion jatorria eta historia esplikatzea eta bukaeran, guztien artean emaitza dastatzea, Juan Fernandezek berak esplikatu duen moduan.