Hernaniko kantariaren orain arteko lanik pertsonalena da abesti bilduma berria, amaren gaixotasuna eta zaintza baitira kantuen ardatza.
Duela 12 urtetik gora amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik oraintxe urtebete zendu zen arte, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Andoni Tolosak. Halaber, amaren gaixotasun eta zaintzarekin loturiko bizipenak idatziz jasotzen hasi zen. Ibilaldi eta testu horiek izan dira Egunsentiak alperrentzat lan berrian jasotako kantuen abiapuntu. Lehen aldiz bakarka grabatu du diskoa —Beñardo Goietxek (Mugaldekoak) koruetan bakarrik lagundu dio—, eta hala aurkeztuko du zuzenean ere.
Diskoak 13 abesti biltzen ditu, eta horien artean Itoiz taldearen bertsio bat dago, “Clash eta Pistols”. Halaber, Giorgio Bassmattik “Bi argazki” abestiaren moldaketa bat sortu eta abestu du diskoan. Bassmattiren hitzetan, kantuetan “Morau saiatu da gela argitzen, kanpoko argia barrura ekartzen. Eguneroko dramaren kuriositate txikiekin historia globalak egiten, egoeraren berezitasunak gertutasunez azaltzen, umorea pixka bat hoztuz, famili-maitasuna fonema askotan azalduz”.
Egusentiak alperrentzat diskoaren gaineko informazioa Badok.eus ataritik ekarria da, Creative Commons lizentziari esker.