Binilozko singlea, Txuma Murugarrenen eskutik

Ubane Madera 2018ko api. 18a, 10:30
Binillaren karatula.

Txuma Murugarrenek, Sasoi Ilunak taldeko kide ohiak Marmokak eta itsas izarrak izenburua duen bi kantuz osaturiko binilozko singlea plazaratu du, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Bost eurotan eskura daiteke berau, (bidalketa gastuak barne) eta maiatzean plataforma digitaletan ere argitaratuko dute.

Ba al du zentzurik gaur egun 10-12 abestiz osaturiko diskoak argitaratzeak, horrelako lanak osorik entzuteko ohitura galdu eta joera nagusia plataforma digitaletan eskura ditugun milaka abestien artean ale solteak dastatzea denean?

Lokatzetan Play

Hausnarketa horren erantzuna eta ondorioa da Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) musikariak kaleratutako azkeneko lana, binilozko single eran argitaratutakoa. Halako gehiagorekin osatuta, Gaztelupeko Hotsak disko-etxeak Lokatzetan Play izenburua duen binilozko single bilduma sortuko du, hain justu, Txuma Murugarrenen singleak ekimenari hasiera emanda.

Luxuzko kolaboratzaileak

"Datozen hilabeteetan osatuz joango da beste musikari batzuen ekarpenekin. Astean jaso ditugu aleak Record Store Day (disko-denda independenteen eguna) ospakizunarekin batera”, jakinarazi dute Soraluzeko disko-etxetik.

Murugarrenen kantuen gainean, berriz, halaxe deskribatzen dute lan hori Gaztelupeko Hotsak diskoetxetik: “Ohiko musikariez inguratu da Murugarren bi kantuok —gehi epilogo instrumental bat— Mutrikuko AME estudioan grabatzeko: Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Aceves (teklatuak) eta Natxo Beltran (bateria).

Horrez gain, luxuzko kolaboratzaileak izan ditu: Angel Unzuk bouzukia jo du Marmokak eta itsas izarrak abestian, eta Sorkun eta Nahiara Arrietak koruak egin dituzte Egun mixerableak izenekoan.

Bi kantu bakarrik izanagatik grabazioa ez da azkarra izan, patxadaz egindakoa baizik, musikariek xehetasun guztiak zaindu egin baitituzte Murugarrenen lirikarekin bat datozen atmosfera iradokitzaileak sortzeko bi abestietan, lehor eta iluna soul kutsua duen Egun mixerableak kantuan, eta malenkoniatsu eta ia onirikoa singleari izenburua ematen dion pop harribitxian”.