Amilami umeei eta familiei zuzendutako ipuin kontaketa musikatua da. Oinarrituta dago Juan Kruz Igerabide idazle ezagunak ondutako Amilami liburuko ipuinetan, eta tradiziozko kontakizunetatik abiatuta, laminen istorioak kontatzen dituzte, gertaera fantastikoak, baina egungo gizartean kokatuta. Ondoko osagaiak ditu: usain-belarrak, sehaska-kantak, aho-korapiloak eta hainbat instrumenturekin egindako musika. Emanaldia apirilak 19an izango da, eguenean, arratsaldeko 17:00etan, Herriko Antzokian.
Mundutik kontu kantari ere, ipuinak eta musika uztartzen dituen emanaldia da, baina adin-tarte helduxeagoa duten gaztetxoei zuzenduta dago berez: 10-16 urte bitartekoei. Munduan zehar bidaiatzeko proposamena da; musika eta ipuinak garraiobide hartuta.Hainbat kulturatako doinu, hitz eta erritmoak ezagutu eta gozatzeko aukera eskaintzen du. Emanaldi hau, apirilaren 20an eskainiko dute, barixakuan, 18:00etan, Herriko Antzokian.
Literatura umeengana eta gaztetxoengana hurreratzeko helburuarekin antolatutako emanaldiak dira biak, aurten lehen aldiz, Udalak, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Institutuak eta Herri Ikastetxeak elkarlanean antolatu dituztenak.