Barikua zen. 15:30ak inguru. Eta Olako zubian gizonezko bat zebilen, sare batekin, ibaitik zerbait ateratzen. Ondoan bi baloi zituen.
Erretratu benetan bitxi hura ikusita, ezin galdetu barik pasatu. Eta halaxe jakin genuen Soraluzen badela pertsona bat ibaiak dakartzan baloiak “arrantzatzen” ibiltzen dena: Jesus Moya.
Ufalarekin
Urak baretuz doazenean baina oraindik ere ufala datorrenean, Horixe da momentu egokia baloi “arrantzarako”. Izan ere, ibaiko hainbat puntutan zurrunbiloak sortzen dira, eta bertan bueltaka-bueltaka geratzen dira plastikozko poteak, enbor pusketak, makilak… eta baloi ugari. Hain justu, Olako presa da puntu horietako bat.
Bergaratik
“Baloiak datozenean arrantzan ibiltzen naiz. Gero umeei ematen dizkiet. Nahikoa harrapatzen ditut, egia esan. Bergarako futbol zelaia ibaiaren ondoan dago eta handik asko jausten dira. Eta bestela, umeei ere nahikoa jausten zaizkie. Umeak eskolatik etortzen direnean eman egiten dizkiet baloiak. Balkoian ere izaten ditut, orain bizpahiru baloi ditut eta umeren bat azpitik pasatzen denean bota egiten diot”, kontatu du arrantzale bitxiak.