1910-1998 urte bitartean Europan fabrikatutako Rolls-Royce modelo guztiekin osatuta dagoen bilduma bakarra ikusi zuten bertatik bertara soraluzetarrek Loizagako dorrean dagoen museoan (Galdames), eguaztenean egin zuten txangoan. Bestelako automobil dotoreak ere bazeuden bertan eta haiek ere gustura ikusi zituzten, Ferraria tarteko.
Handik Balmasedara jo zuten, eta besteak beste udalerriko Erdi Aroko zubia ikusi zuten; eta eguna borobiltzeko, Sopuertan bazkaldu zuten. Euripean baina gustura ibili ziren soraluzetarrak Bizkaira egindako irteeran.
Nafarroara
Bizkaikoa eginda, hurrengo hitzordua ere gertu dute: maiatzaren 9an Nafarroara joango dira. Asmoa da Zugarramurdiko museoa eta kobak bisitatzea, Zugarramurdi bera ere ikustea eta ondoren, Zugarramurditik gertu dagoen Doneztebeko Santa Maria jatetxean bazkaltzea. Iragarri dutenez, gainera, bazkalostean dantzaldia izango dute.
Maiatzaren 8a da txango horretarako izena emateko azkeneko eguna.
(Oharra: Argazkiak eta bideoak: Iñaki Quintanilla).