Ohikoa den moduan, Soraluzeko gaztetxeak bertso-plaza beroa eskaini zuen ostiralean. Saioaren aurretik, elkarrekin afaldu zuten berrogeita bost lagun inguruk eta saioa hasterako beste hogeiren bat lagun hurreratuak ziren gaztetxera. Aretoa entzulez ondo hornituta hasi zen saioa beraz.
Eneko Beretxinaga gidari zutela ekin zioten bertsolariek saioari, gogotsu ekin ere. Lehen ariketa, zortziko nagusikoa, izan zen, beharbada, saio osoko erregularrenetakoa. Oro har, ofizioan zentratuta eta elkarri erantzunez heldu zioten bertsolariek gaiei, eta ale politak kantatu zituzten. Tartean egokitu ziren: hogeitamar urterekin oraindik gurasoen etxean bizi den gaztearen gora beherak, komunikazioa sare sozialen bitartez bakarrik egiten duelako kexa jasotzen duen gazte asanblada eta bertako produktuak eta kanpokoak lehenesten dituen pisukideen arteko xextrak.
Zortziko txikiko ariketan nabarmen egin zuen behera saioaren mailak, eta hortik aurrera, maila gorabeheratsua izan zen saio osoan zehar. Kasu batzuetan, beharbada, gaien formulazioak ere ez zuen askorik lagundu.
Hala ere, saioak izan zituen bere goraldiak; esaterako, zortziko txikian Anek eta Jokinek Gaztelugatxen turista artean galduta zeuden bi lagunen ahotik kantatu zutenean, edo kopletan, Garazi, Ander eta Jokinek, sagardotegian zeuden lagunen paperetik jardun zutenean.
Oinak emanda osatu behar izan zituzten bertsoaldietan Ander, Muxi, Gezu eta Jokinen bertsoak nabarmendu ziren. Azken honena bereziki, maisuki lotu baitzituen “dirua” oinarekin hasi eta proposatu zitzaizkion gainerako zazpi oinak.
Hamarreko txikian, Jokinek eta Anderrek egin zuten bertsoaldia nabarmendu zen. Bilbon bizi diren bi ikasleren roletik kantatu zuten, batak gurasoen diru-laguntza jasotzeari laga ziola-eta sortu zen egoerari buruz.
Bertsolariz bertsolari
Garazi Navarro izan zen saioa ederki hasi eta gerora gorabeheratsuen ibili zen bertsolarietako bat. Ez zen bere gaua izan baina, hala ere, oso modu duinean egin zien aurre ziurgabetasun uneei, publikoaren errespetua eta sinpatia irabaziz, eta bertsotan badakiela erakutsiz.
Asier Galarzak, “Muxi”-k, nahiko erregular jardun zuen saio osoan zehar. Patxadaz kantatu zuen eta taula gainean ziurtasuna erakutsi zuen momentu gehienetan. Beharbada, argudioetan indar pixka bat falta izan zitzaion zenbaitetan, nahiz eta ale politak ere bota zituen tartean.
Koldo Gezuragak, “Gezu”-k, bizi kantatu zuen. Tonu indartsuan jardun zuen saio osoan zehar. Argudioetan, batzutan lausoago eta besteetan argiago. Hori bai, publikoak gogotik eskertu zion etengabe saioaren tonua indartzeko egin zuen ahalegina.
Ander Zulaikak maila ona erakutsi zuen saio osoan zehar. Ziurtasun handiz kantatu zuen eta zenbaitetan bertso biribilak ere bota zituen. Izan zituen beherakadak ere, baina ondo eutsi zion mailari.
Ane Belokik lan ona egin zuen, asko nabarmendu barik. Irristada bakanen bat izan zuen arren, erakutsi zuen baduela gaitasuna argudioetan sendo jarduteko eta bertsoak goitik behera josteko.
Jokin Bergarak maila handia erakutsi zuen saio osoan zehar. Gehiegi nabarmendu barik hasi zen baina saioak aurrera egin ahala, gora egin zuen. Irudimentsu, ziur eta bizi kantatu zuen eta bertsoaldi denetan bota zuen perlaren bat.
SAILKAPENA
1. JOKIN BERGARA 268,5 punturekin (sailkatua)
2. ANE BELOKI 261,2 punturekin (sailkatua)
3. ANDER ZULAIKA 258 punturekin (sailkatua)
4. KOLDO GEZURAGA 257 punturekin
5. ASIER GALARZA “MUXI” 253 punturekin
6. GARAZI NAVARRO 228 punturekin
Soraluzeko saiotik Jokin Bergara, Ane Beloki eta Ander Zulaika sailkatu dira finalerdietako fasera. Lehenengo finalerdia apirilaren 27an jokatuko da Eibarko Gaztetxean.