“Data horretara arte (apirilaren 18a) itxarotea erabaki dugu, mahai horretan Administrazioak gure aldarrikapenak onartuko dituen edo ez jakiteko”, esplikatu dute sindikatuek.
Baina horrekin batera jakinarazi dute “aldarrikapenei erantzungo dieten neurriak planteatu ezean, mobilizazio eta grebekin jarraitzea beste biderik” ez diela utziko Jaurlaritzak.
Eskaerak
Halaber, sindikatuen aldarrikapen horiek gogora ekarri dituzte:
- Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
- Azken urteetan eman den matrikulazio igoerari, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.
- Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.
- Ikasle-ratioak %10 murriztea.
- Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
- Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego eta maila guztietan.
- Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
- Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
- LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
- Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema gure errealitate eta beharren arabera, eta horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.