Egingo dituzten lanekin, eraikinaren itxura berritzeaz aparte, leiho berriekin haren efizientzia energetikoa hobetuko dute. Hain justu, gaur egun egurrezko leihoak ditu herriko saltokirik handienak, eta orain, berriz, PVCzkoak ipiniko dizkiote.
Ate automatikoa
Horrekin batera, saltokira sartzeko arrapala ipiniko dute alderik alde (orain ate bakarrean dago arrapala), eta aldi berean, orain dauden ateak kendu eta ate automatikoa ipiniko dute. Bi neurriokin saltokiaren irisgarritasuna bermatuko dute.
Hilabetean
Bestalde, Soraluzeko Kooperatiba Elkarteko zuzendaritzaren asmoa zen lehen solairuko leihoen lekuan erakusleiho handi bat jartzea. Hori, baina, ezin izango dute egin, udalerriko alde zaharreko eraikinekin lotuta dagoen araudiak ez duelako lagatzen, eraikinaren beraren estetika errespetatu egin behar delako.
Goki Erreformak enpresa eraikitzaileak egingo ditu lanak. 32.803,87 euroko aurrekontua dute (BEZ barik). Materiala garaiz ailegatzen bada, hilabetean lanak bukatuta izango dira.