Gabolats kaleko urbanizazioan uste baino lan handiagoak

Ubane Madera 2018ko api. 19a, 09:15

Ezozi biderainoko tartea.

Gabolats kaleko obrak apur bat atzeratuta dabiltza. Arrazoia da proiektuan jasotakoa baino lan gehiago egin behar izan dituztela, besteak beste, euri uren eta ur zikinen hodien kontura. Edozelan ere, atzerapena “txikia” dela azpimarratu du Obretako zinegotzi Iñalki Rubiok. Datorren astean aldapa asfaltatzen hasiko dira.

Gabolats kaleko aldapatik gorako lurra jasotzean ikusi dute euri urak eta ur zikinak batzeko hodiak batera zeudela. Hori horrela, ur mota bakoitza dagokion hoditeriatik bideratzeko, hodi berriak ipini behar izan ditu Construcciones Morga enpresak, obrak egiten diharduen enpresak. Eta horrek, besteak beste, atzerapena ekarri du obretan.

Edozelan ere, atzerapen hori “txikia” dela azpimarratu du Obretako zinegotzi Iñaki Rubiok, esanez ez duela eragin handiegirik izango obren amaierako epean.

 

Zolatzen hastear

Obrei eurei dagokienez, Gabolatseko aldapan dagoeneko hoditeria berria sartu eta zuloa tapatuta dago. Espaloia ere bota zuten, eta baita 36. zenbakiko etxearen eskailera ere. Orain, aldaparen amaieratik biribilgunerainoko tartean dabiltza lanean. Han ere zatirik handieneko zuloa, hoditeriarena dagoeneko tapatuta dago.

Asmoa da hurrengo asteam Ezozibide aurreko espaloiarekin bukatu eta ondoren aldapa asfaltatzen hastea.

Behin horiek ere bukatuta, bertako aparkalekuak zeuden moduan utziko dituzte eta zoladura berria ipiniko dute aldaparen hasieratik biribilguneraino. “Gabolats kaleak duen itxura bera izango du aldapatik aurrerako kale zatiak ere”, esplikatu du Rubiok. 

Gero, Calonge

Eta Gabolats kaleko lanak bukatu ondoren, Calonge kalean hasiko da obretan Construcciones Morga enpresa. Hain justu ere, Alejandro Calonge kaleko 1., 2. eta 3. atarien pareko eskailerak kendu egingo dituzte irisgarritasuna bermatzeko.