Sed Lex

Gotzon Elizburu 2018ko api. 7a, 10:01

Gotzon Elizburu.

BEC!-en 10.000 euskaldun bildu ginen Berri Txarraken kontzertu gogoangarrian. Negu Gorriak taldeak 2001ean hiru kontzertutan bildu zituen 30.000 haietatik euskarazko musika talde batek egin duen balentriarik handiena. Ez da makala, musika kontsumitzeko ohiturak, besteak beste, zenbat aldatu diren ikusita. 

Lehengo astean Elkar Fundazioak euskarazko kulturaren kontsumoari buruzko ikerketa baten emaitzen berri eman zuen. Emaitzek agerian utzi zuten, berriz ere, euskararen eta herri gisa gure kultura birproduzitzeko dugun gaitasunaren egoera ahula eta zaurgarria dela. Euskaradunen erdiak ere ez du kontsumitzen euskarazko kultura.  

Aurrerapausoak eta mehatxuak

Azken 60 urteetan Euskal Herrian aurrerapauso ikaragarriak eman dira herrigintzaren ikuspuntutik. Frankismoaren gordinenean genuen egoera latzetik asko sortu eta egin du herri honek: ikastolak, helduen euskalduntzerako eskolak, hedabideak, kultur industria txiki bat (hala dei badakioke), eta abar. Euskara ofiziala da parte batean soilik, beste parteetan aurrerapauso esanguratsuak emateko aukera dugu Euskal Elkargo sortu berriarekin eta Nafarroako aldaketaren balizko errepikapen batekin. Baina mehatxu berriak bizi ditugu globalizazioaren aro honetan eta Espainiar Erreinuaren birzentralizazio joerarekin.

Ez gaude despistatzeko moduan euskaltzaleok. Nola ditugu kulturaren eta euskararen birprodukziorako egiturak herri honetan? Nola dago gure hedabide-sistema eta industria kulturala? Nago Durangoko Azokan entzuten ditugun kontsumo datu ponpoxoak oxigeno bonbona direla ito urren dabilen gure hizkuntzarentzat. EITB bezalako tresna garrantzitsuak espainiar agendaren menpeko ikusten ditut gehiago, beste ezertan baino. Hezkuntzaren eremuan ere, adostasun zabala dago ereduen sistemak eman zezakeena eman duela onartzeko orduan. 

Euskaraldiak arnas berria ekarri du euskalgintzara. Jendeak ilusioz eta gogotsu hartu du planteamendua. Ziur naiz Soraluzen ere ahobizi eta belarriprest ugari arituko garela euskaraz 11 egun horietan. Baina akatsa litzateke konpromisoak arlo indibidual eta pertsonalera soilik mugatzea. Erantzukizun politikoak norbanakoen gain jartzea litzateke eta horixe nahiko lukete batzuek. 

Adostasuna

Euskalduntze aro berri bat irekitzeko adostasun politiko berriak behar dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autogobernuaren Ponentzian, hiru lurralde horiek behar duten estatus politikoari buruzko eztabaida ireki da azkenean. Eztabaida horretan gutako bakoitzaren bizitzetan hurrengo hamarraldietan eragingo diguten erabakiak hartuko dira. Euskararen arloan ere urrats kualitatiboak emateko testuinguru aproposa izan daiteke eztabaida hori. 

Murgiltze eredua hezkuntzan ezarriz, kulturaren sustapenerako neurriak hartuz, helduen euskalduntzerako konpromiso berriak hartuz, eta abar. Baina urrats kualitatibo horiek eman ahal izateko, ezinbestekoa izango da berriz ere mobilizazioa eta herriaren presioa. Minimoak adostu eta ordezkari politikoei exijitzea. Legea baita.