"Errepertorio berezia prestatu dugu, orain arte jo dugunetik desberdina"

Ubane Madera 2018ko api. 6a, 10:01

Enders musika taldeak debuta egingo du gaur, barikua, Soraluzeko Gaztetxean, 22:30ean. Indian Feathers talde donostiarrarekin batera eskainiko du Soraluzeko musika taldeak kontzertua, Barixakool ekimenaren baitan. Debuta egingo duten arren, Enders taldeko musikariak ez dira berriak plazetan, lehenago Garraxi musika taldean jarduten zuten-eta. 

Joseba Mendizabal (Soraluze, 1997) da Enders musika taldeko gitarra-jolea eta Mikel Vaz (Bergara, 1997) da taldeko ahotsa. Besteak beste, gaurko kontzerturako errepertorio berezia prestatu dutela kontatu dute taldearen aurkezpenean:

- Zeintzuk osatzen duzue Enders? 

- Guk biok, Jondar Plata baxu-joleak eta Koldo Etxaniz bateria-joleak. Azken bi horiek ere Soraluzekoak dira. Lehenago, orain dela hiru bat urte Garraxi taldeko kideak ginen, baina azken hilabetean beste izen batekin aurkeztuko gara taula gainean.

- Zergatik izen aldaketa?

- Garraxi taldean ere aldaketak izan genituen eta denboraldi batez izen berarekin segitu ondoren, erabiki genuen taldekideak aldatu genituenez, izena ere aldatu egingo geniola taldeari, aro berri baten hasiera delako.

- Zelako musika egiten duzue? 

- Ez gara ezerekin ere beldurtzen, baina batez ere hard-rock, punk pixka bat… lau kideren influentzien musika nahastea da gure musika, punk-rock melodikoa. Garraxin egiten genuenarekin alderatuta, akaso ez da horrenbeste aldatu gure musika estiloa; aldatu dena da orain arteko esperientziatik, agertokietara igotzetik ikasi duguna baliatuta, beste jarrera batekin eutsiko diogula aro berriari.

- Gaurko kontzertua, Soraluzekoa, zelakoa izango da?

- Errepertorio berezia prestatu dugu, orain arte jo dugunetik desberdina. Gustuko ditugun taldeen bertsioak (Creedence, Berri Txarrak, David Bowie, Red Hot Chili Peppers…) eta gure kantuak joko ditugu. 

- Kantuak badituzue ia?

- Bost bat kantu ditugu: bat instrumentala eta beste lauzpabost letrekin. Gizarteko egoerez, gerrez eta sentimendu oso sakonen gainean berba egiten dute. Euskaraz abesten dugu. 

- Zer esan nahi du Enders izenak?

- Izen aldaketa aro berri baten adierazgarria izan zen moduan, izena aukeratzeko orduan beste talde batek egindakoa erreferentzia modura hartu genuen: gustuko liburu bateko fikziozko pertsonaia baten izena ipini diogu taldeari, Enders Game liburuko pertsonaiarena, hain zuzen. Kasualitatez, Koldo bateria-joleak erosi zuen azkeneko liburua izan zen hura.

- Soraluzen gaur debuta, eta gero?

- Zapatuan Elorrion joko dugu, bertako gaztetxean, 00:30ean. Storm taldearekin joko dugu; 23:00etan hasiko da kontzertua. 

- Eta gero?

- Kontzertu gehiago jotzeko berba eginda badugu, eta diru apur bat irabaztea lortzen badugu, asmoa da maketatxo bat ateratzea.

- Gaurko kontzertuari dagokionez, zela aurkeztuko zenukete?

- Plan ona dela eguna bukatzeko, gaztetxeak halakoetan ez duela defraudatzen, eta musika ona bada, are hobeto. Giro polita izango da. Eta gazte taldeei, eta gaztetxeari berari bultzada emateko ere modu egokia bada kontzertura etortzea.