'aupa gu', indarra hartzen dabilen Soraluzeko marka

Ubane Madera 2018ko api. 4a, 15:09

Lorea de Castro berak egindako lan batzuekin.

Lorea de Castrok (Soraluze, 1984) serigrafia baliatzen du bere ideiei eta sormenari hegoak emateko. Sekula diseinuan ibili bakoa eta ikasketaz eta lanbidez psikoterapeuta izanik, “premia” sortu zitzaion “eskuekin zerbait egiteko” eta plantillekin hasi zen bide hori lantzen. Horixe izan zen orain geroago eta ezagunagoa den aupa gu! markako jantziak.

Teknika hori, baina, “motz” geratzen zitzaiola-eta, serigrafiarekin lanean hasi eta 2016an sortu zuen aupa gu! marka. Loreak markaren sorrerari buruz honakoa azaldu digu: “Joarrek eta biok etxean erabiltzen genuen esaldia zen hori, gure artekoa, eta hari egin nion lehen kamiseta izan zen aupa gu! berbak zituena. Ikusita jendeari gustatu egiten zitzaiola, animatu eta inbertsio txiki bat egin nuen serigrafiako materialean beste diseinu batzuk egiteko”.

Kantuetan, bertsoetan…

Harrezkero, euskal kantuetan, bertsoetan, esaeretan, gustuko marrazkietan edo aupa gu! markan oinarrituta, denetik egiten du artista soraluzetarrak: kamisetak, kirol-jertseak, umeendako bodyak, prakak, txandalak, txapelak, sukalderako amantalak, kuleroak, galtzontziloak, motxilak, poltsak… 

Kalea, azokak, Internet…

Horiek guztiak merkaturatzeko kalea eta Internet izan ditu saltoki nagusi, baina salmentarako esparrua handitzen joan zaio denborarekin: “Jendeak, batez ere, kalean eskatzen dizkit gauzak, baita Interneten ere. Horrez gain, orain bi denda fisikotan ere eskaintzen ditut produktuak: Igorreko Zazpi Haizetara dendan eta Eibarko EME dendan (Toribio Etxeberria kalean). Bestalde, enkarguz, taldeendako ere egiten ditut gauzak: musika-taldeendako, kultura-taldeendako, Urrats dantza-taldearendako, Mendi-taldearendako... Mendizabal okindegikoen poloak, esaterako, nik egindakoak dira,… Eta artisau eta kamiseta azoketan ere ibiltzen naiz”.

Prezio herrikoiak

Harrera ona dute Lorea de Castroren produktuek, abenduko azoka horren erakusgarri izan zen, artistaren esanetan “urteko azoka onena” da hori, saldu eta saldu ibili zen-eta. Azokei buruz zera diosku: “Jendeari gustatzen zaizkio bai, ez bertatik bizitzeko adina, baina bigarren jarduera edo hobby bezala ibiltzeko bai”. Eta gustura dago horrekin, zere, haren helburua ez da horretatik bizitzea, bere lanbidea “oso gustuko” duelako. Produktuen prezioetan ere igartzen da hori: “saiatzen naiz prezioa ahalik eta gehien ajustatzen” kamisetak, adibidez, 10-18 euro bitartean ditu. 

Egurrean ere bai 

Bestalde, jantzietan ezezik, iaztik egurrean ere ari da serigrafia egiten. Berak egindakoak ziren, esaterako, Gaztañerre egunean omendutako baserritarrei zein Boluntario Egunean Mesedeetako egoitzako boluntarioei opari emateko egurrean landutako marrazkiak. Udalerriko argazkietan oinarrituta egin zituen, hain justu. Azoketara ere hasi da material hori eramaten, pertsonalizatzeko aukera emanez. Orain, berriz, udaberri-udako materiala prestatzen dihardu buru-belarri eta zera aurreratu digu: “kolore berriak datoz eta txapelak egiten ere hasi naiz, saredunak, umeendako, eta helduendako aupa gu! logoarekin” 

 

Harremanetarako: www.aupagu.eus

680539776

aupagukamisetak@gmail.com