Hitzaldiak, jardunaldi gastonomikoak eta beste, Pertsona Nagusien Bigarren Astean

Ubane Madera 2018ko api. 4a, 10:15
Iñaki Saralegi medikua (ezkerretik lehena). Argazkia: Aita Menni.

Argazki erakusketa, lehen sorospenen gaineko ikastaroa, aurretiazko borondateen gaineko hitzaldia, jardunaldi gastronomikoak eta beste izango dira Pertsona Nagusien Bigarren Astean. Apirilaren 23an hasiko dira ekitaldiak eta 27an bukatu.

Pertsona batek bere borondatea aditzera emateko gauza ez den unean zelako osasun laguntza hartu nahi duen adierazteko dokumentua da aurretiazko borondateen agiria, bizi-testamentua edo aurretiazko argibideak.

Bestela esanda, aurretiazko borondateak edo jarraibideak azalduz, aldez aurretik erabaki eta zehaztuta laga daiteke zelako osasun tratamendu eta zainketak hartu nahi diren norbere borondatea adierazteko ahalmena galtzen denean. Geroago eta ohikoagoa da dokumentu hori egitea, ikusi delako benetan baliagarria dela. 

Saralegi medikua

Bada, gai horren gaineko xehetasunak helaraziko ditu Iñaki Saralegi medikuak aurtengo pertsona nagusien astean. Hain justu, apirilaren 23an bertan, astelehena, Pertsona Nagusien Bigarren Astearen aurkezpen egunean egingo du aurretiazko borondateen gaineko hitzaldia mediku iruindarrak. Interesa duen edozeinendako ateak zabalik izango dira.

Egun berean, Nagusi izenburua duen argazki erakusketa aurkeztuko dute, Alkarri elkarteko lagunek ateratako argazkiekin osatutakoa. 18:00etan hasiko dira, hain justu, ekitaldiak.

Desfibriladorearen erabilera

Hurrengo egunean, berriz, eta udalerriko beste hainbat eragilek eta elkartek egin duten modura, lehen sorospenen gaineko ikastaroa landuko dute Itxaropena elkartean. 

16:00etan hasi, eta anbulatorioko medikuek eta gai horretan aditu direnek gidatuta, larrialdi egoeretan zela jokatu erakusteaz gainera, Itxaropena elkartean ipini berri duten desfibriladorea zela erabili ere erakutsiko diete bertaratutakoei. Ikastaro hau ere doan da eta ateak zabalik ditu edozeinendako.

Bestalde, pertsona nagusien inguruan udalerrian dauden zerbitzuak bertatik bertara ezagutarazten laguntzeko helburuarekin, eguaztenean ate irekien jardunaldia egingo dute goizez Eguneko Zentroan (11:00etan) eta arratsaldez, Mesedeetako egoitzan (16:00etan). 

Bi entitateak ezagutzeko interesa duten herritar guztiak daude bertara gonbidatuta, eta ate irekiak egiteaz batera, bi zentroetan bestelako ekitaldiak ere partekatuko dituzte. 

Eguenari dagokionez, Soraluzen landu nahi duten egitasmo berri baten berri emango dute: Plaentxiako Esperientzia Gela. Aurkezpen horretan eskuratzen den feedbacka zein den ikusita bideratuko dute aurrerantzean egitasmo berria.

Adibide modura, gaur egun Soraluzeko hainbat pertsona nagusik kiroldegian egiten dituzten luzaketa ariketak Eibarko Esperientzia Gelaren bitartez gauzatu dira.

Pintxo dastatzea eta beste

Eta Pertsona Nagusien Bigarren Astea borobiltzeko, apirilaren 27an, barikua, elikadura, historia eta osasuna uztartzen dituen jardunaldi gastronomikoak landuko ditu Alkarri elkarteko Juan Fernandezek, Sukaldaritza. Zaporea. Historia. Mahai-ingurua izenburuarekin. 

Jardunaldion helburua da berez ohikoak ez diren jakiak elkarrekin uztartzea, jakion jatorria eta historia esplikatzea eta bukaeran, guztien artean emaitza dastatzea, Juan Fernandezek berak esplikatu duen moduan.