"Hiru hilabeteko asmoarekin joan eta bi urtez bizi izan nintzen Parisen"

Ubane Madera 2018ko api. 4a, 09:10
Ane Ibarzabal San Telmo museoaren aurreko aldean.

Ane Ibarzabal (Soraluze, 1985), Donostian bizi da orain dela 17urte. 16 urterekin joan zen udalerritik, batxilergoa bertan egitera. Gurasoekin joan zen, eta ondoren goi mailako ikasketak re bertan egin zituen, Turismo. Karrerako bi udak Irlandan pasatu eta gero, Portugalera joan zen, Erasmus programakin. Handik, Donostiara bueltatu eta hiru urtez Maria Cristina hotelean egin zuen lan, harreran. Baina atzerrira ere  joan zen, Parisera. 

Bost izarretako hotelean lan egin arren, ezin geldi egon eta Parisera joan zinen?

Bai. Hiru hilabeteko asmoarekin joan eta bi urtez bizi izan nintzen han. Geldi egon ezin baino, Paris barrenetik ezagutzeko grina eta kuriosidadea neukan, hain zuzen, artearen historian erreferente bat izan da betidanik, horrek bultzatu ninduen. Bidaiatzea asko gustatu izan zait, beste kultura batzuk ezagutzea. Eta hizkuntzak ikasteko jatorrizko lekuetara joatea da onena. Gainera, gurasoak ere bidaiariak izan ditut, hortaz…

Parisen zer egin zenuen?

Kultur arloan lan egin nuen, Museé d`Orsay-n, hain zuzen. Bertan, bi urtez bizitzen nengoela, Donostiako Sustapenak beka bat eman zidan,  Bordeleko Akitania Museoan zerbitzu kulturalean lan egiteko;  behin-behineko erakusketak muntatzen, komisarioekin-eta elkarlanean. Eta horrek ekarri zuen gero Donostiara bueltatzea. 

Zela?

Nolabait, bi museoen arteko harremanak bultzatu nituen, zubi moduko bat sortu nuen Akitaniako Museoaren eta San Telmo Museoaren artean, 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua ekimenaren baitan. Bi museoek gizarte eta historia lantzen dute, bakoitzak bere lurraldean. Esperientzia polit eta aberatsa izan zen. Momentu hartan Bordelen Galoak Akitanian erakusketa zegoen eta sortutako hartu eman horiei esker,  itinerantzian San Telmora ekarri zuten ondoren. Eta kanpoan hiru urte eman eta gero, bueltatzea erabaki nuen. Beka bukatu, uda tokatu zen eta bueltatu egin nintzen. 

Donostiara?

Bai. Hasieran ez zen erraza izan, krisiarekin kointziditu zuelako. Eta ez zegoen hemen eskaintza interesgarririk, baina moldatu ginen eta Donostian egon nahi nuen kultura hiriburu izan behar zela kontuan hartuta, pentsatzen nuelako herritarrok ere parte hartu behar genuela horretan. Gelditu eta Turismo gastronomikoa  eta Kultura uztartzen zituen proiektu batean ibili nintzen. 2016ko proiektu  batean parte hartu nuen, In varietate concordia izenekoan. Hamasei  herrialdetako pertsonak elkartu eta bakoitzak bere ama hizkuntza ordezkatu zuen, neure kasuan Euskararen ordezkari izan nintzen. Proiektu horren burua Iparraldeko diseinatzaile bat zen; hark sortu zituen dinamika batzuk eta konturatu ginen hizkuntza askok antzekotasun fonetiko handiak zituztela. Ildo horretan ibili ginen lanean. 

Baina orain San Telmo museoan zabiltza lanean, ala?

Bai. Kultura arlora bueltatu nahi nuen, San Telmoko lantaldea ezagutzen nuen, hezkuntza departamentuan lanpostu eskaintza zegoen eta nire hautagaitza bidali nuen. Eta orain mediazioan egiten dut lan, museoko lantaldearekin eta  hezkuntzako arduradunarekin batera. Adibidez, iaz hezkuntza eskaintza berritu genuen museoan. San Telmon erakusketa iraunkorra eta behin-behineko erakusketak ditugu, besteak beste. Indartu egin nahi genuen erakusketa iraunkorra; batez ere helduak,  gazteak, umeak etor daitezen museoa sentitzera, gozatzera, amestera eta bizitzera. Horiek dira leloak. Eta horretan oinarritutako esperientziak sortu ditugu, umeen adinen eta mailaren arabera. Ordubeteko bisita egiten dugu, bakoitzari tokatzen zaiona landuz. Hezkuntzako curriculuma /helburuak ? kontuan hartuta egin dugu hau. Eta gero beste ordubete ematen dugu sormen tailerra lantzen. Eskaintza berri horrek artea eta historiarekiko hausnarketa bultzatzen du euren arteko parte-hartzea ere, museora etorri eta esperientzia osoa izan dezaten nahi dugu-eta, museoa eurek senti dezaten. Taldeentzat pentsatutako eskaintza da hori, bereziki ikastetxe eta eskolendako. Eta horiez aparte, publiko guztiari zuzendua behin behineko erakusketen bisita programatuak, mediazioak , larunbatetako  familia tailerrak eta beste jarduera bereziak programatzen dira. Hain justu, ni egoten naiz bertan lanean goizez, zuzenean umeekin, gazteekin edo helduekin tailerrean naiz edukiak lantzen.