“Txartel elektronikoa emango zaie erabiltzaileei eta sartu-irtenak egiteko aukera izango dute. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko da udaletxean”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak Soraluzen izango den lehen ikasgelaren funtzionamenduari buruz.
Eta izena emateko, adinez nagusia izan beharra dago. Horixe da Baltegietan egokituko duten ikasgela erabiltzeko bete beharreko baldintza bakarra. Hori eta bertara ikastera joatea, jakina.
Liburutegiaren defizitak
Osterantzean, eta herritarren eskaria aintzat hartuta, liburutegiaren defizitak asetzera dator azpiegitura berria. Hain justu, ordutegi aldetik duen malgutasunarengatik eta ikasteko behar den isiltasuna liburutegian bermatu ezin delako.
Kokapenari dagokionez, berriz, alkateak esplikatu duen moduan, “KZGunea bere garaian Interneten erabilera bultzatzeko izan zen; gaur egunean behar hori kasu gehienetan aseta egoteaz aparte, hilean behin ikastaro bakarra ematen zen. Hori ikusita, pentsatu du Udalak bertan egokitzea ikasgela”.
Berau erabiltzen hasteko falta den bakarra da txartel elektronikoak erabiltzeko beharrezkoa den sistema elektronikoa instalatzea.