Domentx Uzin, musika ogibide eta pasio

Ubane Madera 2018ko mar. 28a, 15:09
Domentx Uzin musikari oparoa.

Domentx Uzin (Soraluze, 1976) oso ezaguna da udalerrian. Bertako musika eskolan irakasle izateaz aparte, urte luzeak daramatza musika kalean partekatzen, modu askotan: musika eskolakoekin, txarangarekin, txistulari taldearekin, gaiteroekin, lagun giroan… Musika non, Domentx han esaera balekoa litzateke kasu honetan.

Lanbidez, musika irakaslea da; Soraluzeko Musika Eskolan txistua, gaita eta saxofoia erakusten ditu, eta hainbat ikasle talderen ardura ere badu. Arrasate Musikalen gaita erakusten eta hezkuntza bereziko ikasleekin musika lantzen dihardu. Bizibidez musikaria da, ezin dio barruan eutsi musikari. Adibide modura, elkarrizketa honek iraun duen ordubete inguruan ere, buruan duen erritmoren bat “jotzen” ibili da eskuarekin mahaiaren gainean. 

Musikari oparoa

“Ofizialki” bibolina ikasi zuen, Bergaran. “Lehen bibolina nahiko zentrala zen niretzat. Gero, Juan Luis Ugaldek konbentzitu ninduen helikoia ikasteko, Soraluzeko Musika Eskolan txaranga sortzeko beharra zegoelako, eta lau urtez ibili nintzen hura ikasten. Egia esan, eman du berea, ze orain lagata daukat baina Karidadeko Bentarekin hara eta hona ibili nintzen urte batzuetan; orain dela hiru urtera arte, Gasteizko txaranga batean tope, Bergaran Erramu Zapatuan ere bai, eta oraindik herriko txarangarekin ere bai jaietan”.

Beste hainbat tresna ere jotzen ditu. “Bizi guztian jo izan dudan beste instrumentua eta gertuago sentitzen dudana gitarra da. Nerabezaroa baino lehenago kantuak ikasten hasten zarenean, eta lagunartean, gehien lagundu didana da. Esango nuke, azkenaldian, txistua eta gaita direla gehien jotzen ditudanak. Gainontzean, pianoan ere kuriositatez jotzen ditut noizean behin kantu batzuk, saxofoia ere bai, eta orain biola ikasten dihardut Arrasate Musikalen, zarzueletan jotzeko. Pentsatzen jarrita, akaso, nire lehen instrumentu ofiziala danborra litzateke, ume nintzela txistulariekin jotzen nuen eta”. 

Askoren errezeloa da Domentx gai dela musika tresna guztiak jotzeko. “Askotan esaten didate hori. Bai zera!” dio berak. Hala ere, zortzi instrumenturen jakintza baduela agerikoa izanda, zera dio apal-apal: “Azkenean instrumentu baterako ikasten duzunak beste askotarako ere balio du.”  

Musika-egile

Apaltasun hori benetan nabarmena da Domentx Uzinengan. Horren adibide da, norberak ekarri behar diola gogora musikari ez ezik, musika-egile ere badela. “Txisturako kalejira bat egin nuen: Atxolin. Eta orain nabil Ezozi fandango-arin-arin-kalejira egiten. Goienarako Kantari kantua egin nuen. Kukumixorendako kantua eta Topa Egunerakoa ere egin nituen, Ariannerekin (Unamuno) batera”, azaldu du. 

Sortzaile baino, moldatzailea gehiago dela dio. “Partitura asko egokitu izan ditut. Musika eskolarako, jaietako jaialdirako instrumentu bakoitzarentzat, fado talderako, txarangarako…”. 

Taldean nahiago

Bakarrik baino, taldean aritzen da gehiago. Soraluzeko txistulariak, Soraluzeko gaiteroak, Galtzagorri txaranga eta Ventos de Saudade fado taldeko kide da. Duela urte batzuk, Karidadeko Benta talde ezagunean ere aritu zen. “Herrian gauza desberdin asko egin izan ditut: abesbatzarekin kolaborazioak; Andoni Callesekin eta Jon Basaurirekin urte askoan aratusteetan zerbait egin izan dugu, Trio Plaentxi esaten diogu gure buruari (barre); Unai Larreategi Mendotzekin trikitiarekin eta bonbardinoarekin, batez ere, San Roke txikitan; aurretik RKzulo jaialdian eta Galipoteko jaietan ibili nintzen… Eta noizean behin, freelance moduan, Aitor Biainen proiektu batzuetan jo izan dut bibolina, Ganbara Abesbatzan edo Bergarako Orfeoiko proiektuetan. Polita izaten da, ze bailara mailan berak elkartzen ditu musikariak eta kontzertu bereziak antolatzen ditu: Bach eta Vivaldiren obrekin, Mozarten Requiema…”. 

Antzerkiarekin keinuka ere aritu izan da Soraluzeko musikaria: “pare bat obratan aritu naiz: Sialuk hartz txikiaren bidaia da bat eta bestea da On, Off”. Bertso jaialdiren batean ere parte hartu izan du, musikaz girotzen.

Herriko jaietako jaialdian, berriz, urteak daramatza, behin mariatxi talde bat etorri ezinda geratu zenetik. Bide batez, erreportajetxo hau aprobetxatu nahi du Uzinek honako mezua helarazteko: “Jaialdian parte hartzea nahi duten musikari eta musikazale guztiak gonbidatuta zaudete, zabalik daude jaialdirako ateak. Etorri eta jarri harremanetan gurekin, gustura hartuko zaituztegu eta.” 

Etorkizuna, gaitarekin

Aurrera begira bere burua zertan ikusten duen galdetuta, ostera, laster erantzun du Uzinek: “Orain oso ilusionatuta nago gaitarekin. Deitu izan didate noizean behin Arrasateko gaiteroek danborra jotzeko edo San Juanetan kalejira egiteko erraldoiekin eta da gauza bat benetan asko gustatzen zaidana. Eta pasatu zaigu burutik Plazentzian ere antzekorik egitea. Erraldoiak-eta asko gustatzen zaizkit eta ume piloa inguruan ibiltzea ere bai. Berehala kalea bete egiten zaizu… Gainontzean, beti daukat zerbait sortzearen erronka hori.”

Musikaren aberastasuna eta haren ekarpena azpimarratuta bukatu dugu elkarrizketa: “Beti esan izan da musika ikasteak eta musika bizitzeak gure buruan, gorputzean eta bihotzean sortzen duena ona dela, baina ez dakigu bene-benetan zein punturaino den aberasgarria eta pertsonaren osagarria”.