Adinekoentzat lan egingo duen adituen eta adinekoen batzordea

Ubane Madera 2018ko mar. 31a, 09:11

Pertsona Nagusiak Ahalduntzeko Batzordea batzarra egiten Itxaropena.

Plaentxiako Pertsona Nagusiak Ahalduntzeko Batzordea sortu da Soraluzen. Alkarri elkarteak koordinatutako prozesu parte-hartzailea baliatuta sortu da, eta berori osatzen dute Alkarrik berak, Mesedeetako egoitzak, Itxaropena Erretiratuen Elkarteak eta Soraluzeko Eguneko Zentroak. Pertsona Nagusien Bigarren Astea antolatzen hasi du ibilbidea batzorde berriak.

"Nahi ditugu proiektu berriak landu, pertsona nagusien ingurukoak baina pertsona nagusiekin. Guretzat beharrezkoa zen erakunde guztiek eta boluntarioek parte hartzea eta nagusiak aintzat hartzea. Adibidez, Pertsona Nagusien Astea antolatzerako orduan zer eta zela egin erabaki dute erretiratuek eurek eta Eguneko Zentrotik eta egoitzatik joandako bi ordezkarik. Azken batean teknikariak laguntzera, proposamenak egitera eta prozesuak bideratzera joango gara, besterik ez. Gainerako guztia eurek (nagusiek) erabakiko dute”, esplikatu du Alkarri elkarteko koordinatzaileak.

Laugarren bilera

Hilean behin elkartzen da batzordea, laugarren bilera egin dute dagoeneko eta Pertsona Nagusien Bigarren Astea prestatuz hasi dute ibilbidea. “Hori ondo irteten bazaigu, ondoren beste proiektu batzuk ere egingo ditugu. Orain arteko batzarrak, berriz, txandaka egin ditugu zentro guztietan:  Alkarrin, Egoitzan, Eguneko Zentroan eta Itxaropena elkartean. Inportantea zen hori horrela egitea, zentro edo elkarte bakoitzeko partaideek beste zentroak eta partaideak eurak ezagutzeko. Azken batean, Alkarri ere horretarako sortu zen: denon artean prozesuak lantzeko, eta batzorde hau sortzea izan da Alkarriren lehen helburua. Berau sortzea lorpena da guretzat”.

Apirilaren 23tik 27ra

Fernandezek aurreratutakoaren arabera, apirilaren 23tik 27ra egingo dute aurtengo Pertsona Nagusien Bigarren Astea. Ekitaldiak zehazten ari dira oraindik, baina adibide modura, bakardadearen gaineko dokumentala proiektatu eta horren inguruko mahai-ingurua egingo dute; aurretiazko azken borondateen (voluntades anticipadas) gaia landuko da; lehen sorospenak landuko dituzte; sukaldaritza, osasuna eta historia uztartzen dituen jardunaldiak egingo dituzte; pintxo-dastatzea tarteko dela eta Eguneko Zentroan eta Mesedeetako Egoitzan ate irekiak egingo dituzte, herritarrek bertatik bertara ezagutu ditzaten bi zentroak.  

Lautik bat, nagusia

Soraluzeko bizilagunen %23 pertsona nagusiak dira, EUSTATen 2017ko datuen arabera. Bestela esanda, lau pertsonatik bat nagusia da. Eta 80 urtetik gorako 200 herritar baino gehiago daude gaur egun. Munduko Osasunaren Erakundeak zahartzaro aktiboaren garrantzia eta haren onurak nabarmendu ditu eta Pertsona Nagusien Eskubideen Gutunean adierazten da, besteak beste, nagusiendako baldintza egokiak sortu behar direla nagusiek euren eskubideak garatu ditzaten eta eurei dagozkien gaiei buruzko erabakiak eurek zuzenean har ditzaten. Bada, horiek guztiak kontuan hartuta eta Aita Menniren aholkularitzarekin bultzatu du Alkarrik  Plaentxiako Pertsona Nagusiak Ahalduntzeko Batzordea.