"Umeek dituzten portaera arazoak betikoak dira, baina ikuspuntua aldatu egin da"

Ubane Madera 2018ko mar. 30a, 09:10

Gurutze Agirre pedagogoa. Argazkia: Fernan Oregi.

Gurutze Agirre (Soraluze, 1973) pedagogoa da duela 20 urtetik. Orain, batez ere,  gurasoekin egiten du terapia, eta behar bereziak dituzten umeekin dihardu lanean. Oro har, nola ikasi irakasten du. Horixe da pedagogo batek egiten duena. Ahalegintzen da, gurasoekin batera, aztertzen eta ulertzen gurasoek zergatik dituzten arazoak umeak hazteko eta arazo horiek bideratzen laguntzen die. ADAHIGI elkartearen sortzaileetako bat ere bada.

Zer motatako arazoei egiten diezu aurre, adibidez?
Batez ere, portaera arazoei. Halakoetan arazoen arrazoia aztertu eta horiek ulertzen lagundu eta ulertzeaz gain, zela bideratu lantzen dut gurasoekin. Garrantzitsuena da arazoa identifikatzea, haien jatorria jakitea eta bideratzea. Jatorria garbi baldin badaukazu,  irtenbidea errazagoa da. 

Umeen heziketan portaera arazoak egon badaude. Berriak dira, aldatu egin dira, betikoak dira?
Betikoak dira, baina ikuspuntua aldatu da. Lehen, oro har, heziketa askoz ere zorrotzagoa zen. Etxeko eta eskolako hezkuntza bide beretik zihoan, zorrotza zen. Ez zegoen aukerarik hortik aldentzeko. Orain, ikastetxeetan ahalegintzen dira umeak ulertzen, errespetatzen, bakoitzaren izaera errespetatzen, haiei esparrua lagatzen… eta etxean antzerako zerbait egiten da, baina hor umeak galdu egiten dira.

Zergatik?
Hezkuntza zorrotza izatea ez da txarra. Lotzen dugu zorroztasuna zigor gogorrekin, zigor fiskoekin… baina umeek neurriak behar dituzte, umeek bidea ikusten dute, baina bide horretan hesiak ipintzen ez badituzu, galdu egiten dira eta eurek ez dakite bueltatzen. Horretarako, helduak hor egon behar dira. Hortaz, mugak ipini egin behar dira, beharrezkoak dira. Baina nola jarri mugak? Hor dago arazoa. Ze uste dut pasatu garela, heziketa oso zorrotzetik, mutur batetik bestera. Eta nire ustez hori ez da ona. 

Eskolan ere norbere nortasuna errespetatzearen filosofiarekin ez zatoz bat?
Ideia oso ondo dago, eta proiektu piloa daude. Irakaskuntza aldatzen ari da, asko, baina ez dira baliabide nahikoa ipintzen.Teknologiaren aldetik, aurrerapen mordoa dute, baina akaso wi-fia ikastetxe osoan behar duzu eta gela bakarrean daukazu… baliabideak behar dira. Teoria ezin da praktikara eraman baliabiderik ez baduzu.

Eta etxeko hezkuntzari dagokionez?
Umeak probatu egin behar ditu gauzak eta utzi egin behar zaio probatzen, baina ez dugu ahaztu behar helduak gu garela eta aldez aurretik ikusi egin behar ditugula zer ondorio izan ditzakeen proba egiteak. Lan gogorra da. Eta ez dago formularik. Oso zaila da egunero hori egitea. Azken batean, gakoa da koherente izatea. Guk izan behar dugu eredu, baina gero presaz gabiltzanean… Eta gero kosta egiten zaigu umearen aurrean onartzea zerbait oker egin dugula. Hori izugarri kostatzen zaigu, nahiz etajakin gaizki egin dugula. Azkenean bukatzen duzu umearekin eztabaidan, lantokian ondoko helduarekin eztabaidan bazeunde moduan, eta hori ez da normala. Bera umea da, eta zuk jarri behar diozu muga, baina zu bere parean jartzen bazara, akabo. 

Hezkuntzaren aldetik gurasoek gehiago inplikatu beharko lukete?
Nire ustez gakoa errespetua da. Lehen gehiegizkoa zen, ume batendako beldurgarria ere bazen heldu bati berba egitea. Orain, guztiz kontrakoa da. Ikusten duzu ume askok zela tratatzen duten ama eta beldurgarria da. Ama horrela tratatzen duen ume batek zela tratatuko du bere pareko beste inor? Nik uste dut ez diogula garrantzirik ematen erabiltzen dugun hizkerari. Tontoa zara? Esaten diogu haurrari, edo ez egin negar! Askatasuna ematen diegu, baina gero tontoak direla eta ez sentitzeko esaten diegu. Ez dugu kontrolatzen zer esaten dugun. Etxean ez badute entzuten, gero eurek ere ez dute esango. Baina hori ez dugu egiten. 

Umeek gaur egun duten eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez, lagungarri zaizkie?
Umeak nahi badu, primeran. Gertatzen dena da hasieran gustura doala, baina bigarren hilabetean nekatu egiten direla. Eta hori ere normala da. Gertatzen dena da hemen bestelako aukera larregirik ez dagoela, eta negua luzea da. Askotan ez dago bestela zer egin. Batetik, txarra da horren umetatik egunero-egunero-egunero errutina hori izatea, baina bestela, zer aukera dugu? Kalean ez dabil inor, eguraldi txarra da… Umeak gustura badoaz, primeran. Baina ez badute nahi, ez zait ondo iruditzen behartzea: ikusi egin behar du apuntatzen bada joan egin behar dela; bai, baina, akaso, 5-6-7 urterekin ez da gauza ardura hori bere gain hartzeko. Nagusiagoek bai, baina txikiek… Muga oso zaila da, noraino behartu eta noraino ez. Izan ere, batzuk 6 urterekin oso helduak dira. Kasu bakoitza oso desberdina da. Kirol aldetik, adibidez, oso ona da edozein kirol egitea, gehiago taldeka, hainbat gauza lantzen direlako.


2002an ADAHIGI elkartea sortu zenuen. Zergatik eman zenuen pauso hori? Harrezkero zer da ikusi duzuna?
Beste bi lankidek eta nik kabinetea geneukan Donostian, ikusi genuen Bizkaiko arreta gabeziaren elkarteak hitzaldia eman behar zuela eta joan egin ginen. Harrituta geratu ginen han jasotakoarekin: zenbat guraso joan ziren eta zenbat behar zituzten. Hitzaldia eta gero hizketan geratu egin ginen; han zeuden ama pare batek ezagutzen zituzten Bizkaiko elkartekoak eta haiek galdetu ziguten ea zergatik ez genuen egiten hori Gipuzkoan. Hortaz, gu ez gara sortzaileak. Guraso horiei laguntza eskaini eta gurasoentzako terapia egiten hasi ginen. Harrezkero ia behar berak ikusten ditugu. Diagnostikoak egiten dira, tratamentu farmakologikoak ematen dira, eta listo. Hortaz, tratamentu psikopedagogikorik egiten duenik ez dago.

Bestelako gaitz psikiko batzuekin ere ez da egiten. Agifes dago, adibidez, halakoetarako. Uste dut gizartean osasun-mentalarekin lotutako hutsunea dagoela. Gurasoek lortzen dute diagnostikoa (lorpen bat da, badaudelako psikiatra asko esaten dutenak hori ez dela existitzen), baina lortzen dutenean ere ez dakite nora jo. Gaur egun, ematen ditugun hitzaldiei esker jendeak gure berri jasotzen du (zentzu horretan Atxolin Guraso Elkarteari eskerrak eman nahiko nizkieke), eta zenbat eta guraso gehiagok ezagutu elkartea, orduan eta handiagoa izango da jasoko duten laguntza ere.

Azken batean, hitzaldian esan zenuen nahasmen mota hori gertatzen zaiola  hogeita bost umetatik bati. Zela antzematen da?
Batez ere ikastetxean antzematen da, haurrek duten portaera aztertuz. Besteen kontrako bidea hartzen du. Eta ikastetxeetan zenbat eta lehenago  konturatu, orduan eta bizkorrago egin ahal izango da diagnostikoa. Baina 6-7 urte aurretik ezin da ondo diagnostikatu. Irakurri eta idazteko gutxieneko maila bat izan behar dute haurrek, gaitasuna zenbaterainokoa duten ikusteko. 

Zelako portaera dauka arreta gabezia duen ume batek? Noiz jarri behar gara alerta?
Gurasoen pazientziarekin du zerikusia. Elkartean ikusten da gurasoek pazientzia handia badute, garbi badute zeintzuk diren arauak, hori koherente eramaten badute, haurrak arreta gabeziaren maila txikia badu... gerta liteke 9-10 urtera arte ez jabetzea. Guk egiten diugun terapietan askotan entzuten hauxe dugu: esaten duzun hori ume guztiekin egin behar da! Gauzak ondo eginda, izugarri kostatzen bada euren errutina betetzea (adibidez, urtean 300 egunetan gauza bera egiten dugu: esnatu, gosaldu, dutxatu, jantzi… hori egunero eginda ere halakoak egin ditzan egunero umearen atzetik ibili beharra badago), orduan, alerta jarri behar gara. Halako ume bati 15 bider esan behar zaio gauza bera. Badirudi ez dutela kasurik egiten.

Gainera, garrasi egiten bazaio, berak ez daki arrazoia. Ez badu zure haserrea ulertzen, hor ere alerta jarri behar gara. 

Nahasmen neurobiologikoa da, horrekin jaio eta hiltzen gara, beraz, bideratzea da kontua, ezta?
Bai, garbi izan behar dugu hori dela bere nortasuna. Hori garbi izanez gero, gure ikuspuntua aldatu egiten da, eta bera berehala konturatuko da. Egunero gertatzen zaizun eta gertatu behar zaizun zerbaitekin egunero haserretzen bazara, ez duzu ezer lortuko; gainera, nekatu egingo zara. Beste kontu bat da berak ikasi egin behar duela bere portaera aldatu egin behar duela. Baina lehenengo gurasoek aldatu behar dute jarrera, eta, batez ere, umorez hartu behar dira kontu horiek. Umeek ikusita zu aldatu egin zarela, eurak ere aldatu egiten dira. Baina garbi izan behar da aste bateko lorpena hurrengo astean bertan behera geldi ditekeela. Hortaz, lan handia egin behar da, eta eurek ere lan handia egin behar dute. Eskatzen diegu aldez aurretik pentsatzea guk zer nahi dugun berak egitea une horretan: gosaldu, jantzi, bazkaldu… hori lortzea ez da erraza. 

Komentatu zenuen botikak ez duela beti laguntzen…
Ondo badator, umea segituan konturatzen da. Eurak fisikoki leku batean daude, baina burua… botikak egiten duena da zentratzen lagundu zauden horretan. Arreta mantentzea. Arreta gabezia esaten da, baina nire ustez ez dago ondo esanda. Ze arreta badute, ez dutena da hori bideratzeko gaitasuna. 6 urtera arte ez balira eskolan hasiko, oso zoriontsuak izango lirateke. Orain ere hala dira, ze haserreak eta errietak bi minutura ahaztuta dituzte, burua beste zerbaitetan dutelako. Baina umetatik errutinetara behartzen ditugu eta ez diegu umeak izaten lagatzen. Ume hauen nahasmena horixe da: gizarteak ipinitako arauak ez dituztela segitzen. 

Ze gaitasuna berez normala dute, ezta? 
Bai. Baztertu behar den lehen gauza da ez dagoela gaitasun arazorik, ez goitik ez behetik. Halako ume batek badaki, adibidez, zatiketa bat egiten. Ezin duena da 10 minutuan egon zatiketak egiten. Eta eskolatik hori eskatzen diete. Horregatik gaur egungo etxekolan asko ume horiendako jasanezinak dira. Eta helburua baldin bada zatiketen mekanika erakustea? Bada, akaso beste metodo batzuk erabili beharko lirateke ikusteko badakiela egiten. Euren neurrira egokitu beharko lirateke hezkuntza-metodoak, adibidez. Eta, gaur egun, hori ez da egiten. Hezkuntza dago pentsatuta modu zurrun baten eta halakoak sistematik kanpo geratzen dira. Irakasleek ez dute baliabiderik izaten eta askotan ez dakite zela jokatu. 

Argi dagoena da ez daudela diagnostikatuta diren guztiak, ezta? Ze Soraluzen bi daude, ala? 
Bi ume daude diagnostikatuta eta elkartean daude. Ez dakit bi horiez gain besterik dagoen diagnostikatuta.
Susmoren bat izanez gero, zela jokatu behar da?

Laguntza eskatu behar da. Asko kostatzen zaigu galdetzea, pazientzia izatea eta umorez hartzea.