Aipatutako puntu horiei dagokienez, Kantabriako mugan zirkulazio-intentsitate handia izan ohi da gaurko egunean, Ostegun Santu bezperako arratsaldean –15:00etatik 21:00etara bitartean–, eta Ostegun Santu goizean –9:00etatik 15:00etara bitartean–. Bilborako noranzkoan itzulera Pazkoa Astelehenean izaten da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaiko lurraldean; Kantabriako lurraldean, aldiz, sortu izan dira auto-ilarak.
Biriatun
AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Frantziako noranzkoan) egunik zailena Ostegun Santu goiza izaten da, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, eguazten arratsaldean sortu ziren lehenengo auto-ilarak –asteazken arratsaldean, 17:00etan, 7 kilometrotara iritsi ziren–, eta eguen goizean berriz sortu eta Irungo ordainlekua gainditu zuten; horrez aparte, Ostiral Santu goizean ere bi kilometroko auto-ilarak sortu ziren. Bestalde, Pazkoa Astelehena jaieguna da Frantzian, eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.
Ildo beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak gogora ekarri nahi du gobernu frantziarrak ezar ditzakeen balizko segurtasun neurriak medio, auto-ilara handiak sor daitezkeela Frantzia noranzkoan. Horregatik, mugaz gaindiko joan etorriren bat aurreikusita dutenei gomendatu diete informatuta egotea, bai Eusko Jaurlaritzako Trafikoko web orrian, -www.trafikoa.eus-, twiterren, Bidegiko webeko mapan -www.bidegi.eus- edo 011 telefonoan.
Armiñongo lotunea
Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, izan ere, bertan auto-ilarak sor daitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio-dentsitaterik handiena izaten da gaur, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:00etatik 14:30era. Puntu horretan eta Europistas AP-1ekin koordinatuta, behin-behineko seinaleztapena erabiliko da Argantzunen eta Armiñonen N-1 errepidearen bidez, AP-1era sartzea ahalbidetzeko eta A-1ean auto-ilarak sortzea saihesteko.
Arreta-galtzeak, %32
“Gidatu besterik ez’; horixe da Trafiko Zuzendaritzak baliatuko duen leloa “gidatzean behar bezalako arreta ez jartzeak” dituen arriskuak ikustarazteko . Datu bat ere helarazi dute: “Arreta-galtzeak dira zirkulazio istripuen %32tan errepikatzen den faktorea”.
Hori abiapuntu, “prebentzioan jarri nahi da arreta, eta gidariari ikusarazi nahi zaio aukeratu dezakeela, eta gidatu besterik ez egitea aukeratu dezakeela”, adierazi du Trafiko zuzendari Sonia Diaz de Corcuerak.