Atxurin txakurrendako parkea egokituko dute

Ubane Madera 2018ko mar. 28a, 09:20
Atxuriko goiko parkean pertsona bat txakurra paseatzen.

Atxuriko parkeko goiko zatian, eskuma aldean, txakurrendako parkea egokituko du Soraluzeko Udalak. 500 metro koadroko gunea da berau eta datozen asteotan egingo dituzte egokitzapen-lanak. Txakurrek salto egiteko gailuak ipiniko dituzte, besteak beste.

“Materiala gertu dago. Txakurrek salto-eta egiteko tresnak ipiniko dira, eta, jakina, kakak batzeko beharrezko guztia. 3.000 euroko inbertsioa eginda, Eibarko Herreria Puritok egingo ditu lanok. Une honetan ingurua hesituta dago, eguraldia hobetu eta lanak hasteko zain. Edozein modutan, epe motzean hasiko dira lanak” jakinarazi du Iker Aldazabal alkateak.

300 euroko isuna

Aldazabalek emandako xehetasunen arabera, txakurrak ezin dira udalerri barruan solte ibili, hori arautzen duen legearen arabera. Gainera, ordenantza berak dio txakur-kakak batu egin behar direla. Baina, sarri ordenantza ez da errespetatzen, ez kasu batean ezta bestean ere. Horren adierazle dira Udalak zortzi txakur-jabeei zabaldu dizkien espediente zigortzaileak. 300 bat euroko isuna jarri diete txakurra solte eramatearren edo txakur-kakak ez batzearren.

Solte ibiltzeko

Alkateak esplikatu duenez, Soraluzeko Udalean txakur arriskutsuak dituztenen erregistroa dago, legeak hala agintzen duelako. Hala, hori baliatuta, “legealdiaren hasieran txakur arriskutsuen jabeei jakinarazi zitzaien euren betebeharra dela txakurrak lotuta eta muturrekoarekin eramatea, legeak dioenaren arabera. Kontua da herrian kexuak egon zirela zentzu horretan, eta erregistratuta dauden txakurren jabeei legeak dioenaren berri eman genien. Haiek erantzun zuten, besteak beste, herri-mailan ez dagoela txakurrak solte ibiltzeko gunerik. Hori kontuan hartuta, Atxuriko igogailuko lanak hasi genituenean Atxuriko parkean dagoen esparruaz jabetu ginen: lagatako gunea da hura, publikoa eta sasiz beteta zegoena. Eta bertan txakurrendako parkea egokitzea pentsatu genuen. Gunea berreskuratzeaz aparte, txakur jabe horien eskaera aintzat hartzeko. Zeren, han txakurrak solte ibili ahal izango dira”, esplikatu du Iker Aldazabalek.


Txakur arriskutsuez aparte, gainontzeko txakurrek ere lotuta ibili behar dute udalerrian. Aldiz, ez dute derrigorrezkoa muturrekoa eramatea.