500 soraluzetarrek kilometroa osatuko dute Gure Esku Dago-ren giza katean

Ubane Madera 2018ko mar. 21a, 11:17

Ekainaren 10ean, Gasteiz, Donostia eta Bilbo lotuko dituen giza katea antolatzen dihardu Gure Esku Dago ekimenak. Atzo, martitzena, aurkeztu zuten berau herriko antzokian; eta antzerkitxoa baliatuta, jakinarazi zuten soraluzetarrek Elgoibarren dutela hitzordua, kilometro bat osatzeko.

“2015ean Bergarara joan ginen moduan, orain Elgoibarrera joango gara”, esan zuen Iñaki Amuategik ekainaren 10ean egingo den giza katearen aurkezpenean. Gaineratu zuen 500 lagunek osatutako kilometroa dagokiola Soraluzeri eta orain falta dena dela saretzea (bost euro) eta zapi bana eramatea.

Ekimen horren berri eman zuten Elkarrekin Together dokumentalaren emanaldiaren aurretik. Eta modu ez ohikoan egin zuten hori, Oskar Garitanok eta Asun Gandiagak antzezpen bitartez partekatu zuten-eta mezua.