Eibarren eta Soraluzen, pentsioen defentsa sutsua

Ubane Madera 2018ko mar. 19a, 15:50
Pentsiodunen elkarretaratzea, gaur eguerdian.

Asteak eta hilabeteak aurrera doaz, baina nekatuta egon beharrean, indarberrituta daude astero-astero Plaza Berrian pentsio publikoen defentsa egitera bertaratzen diren herritarrak. 200 pasa izan dira gaurkoan, 100 pasa joan ziren Eibarrera zapatuan, eta hurrengo astelehenean manifestazio zaratatsua egingo dute.

Eta ezetz diote, ez diotela protesta egiteari utziko. Zapatuan, adibidez, Soraluzetik joandako 100 lagun inguruk bat egin zuen beste 3.000 lagunekin, manifestazioan. Soraluzetar batzuek, gainera, herrian erabiltzen duten pankarta eskuetan zutela egin zuten protesta.

Manifestazio zaratatsua

Gaur, astelehena ere, eguraldi kaskarra ez da eragozpen izan Plaza Berria guardasolez betetzeko. Eta datorren astelehenean zarataz bete nahi dituzte udalerriko kaleak, manifestazio zaratatsuan. 12:00etan hasiko da berau.