Amerikar indioek eta euskal arrantzaleek elkarlanean jardun zutela frogatu nahian

Ubane Madera 2018ko mar. 19a, 14:38
'Elkarrekin' dokumentalaren irudi bat.

“Espedizio txiki bat munduko nazio boteretsuenaren historia modernoko zimenduak esploratzen ari da. (…) Beste mundu bat posible izan zela aurkitzen badute, beste mundu bat posible dela frogatuko dute”; halaxe aurkeztu dute Soraluzen ere ikusgai izango den Elkarrekin Together dokumentala. Bihar, martitzena, proiektatuko dute Herriko Antzokian, Gure Esku Dago ekimenaren eskutik. Hasi aurretik, ekainaren 10ean egingo den giza katearen berri emango dute.

Biharko hitzordua 19:00etan hasi eta 21:00etan bukatuko da. Dokumental emanaldia eta giza katearen aurkezpena egingo dituzte. Hain justu ere, azken horri dagokionez, ekainaren 10ean da giza katea egiteko hitzordua. Gure Esku Dago ekimenaren oraingo helburua da Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotzea, giza katea baliatuta.

Placentia 

Bihar proiektatuko den dokumentalari dagokionez, berriz, izenburuak dioen moduan (Elkarrekin Together) 1.602. urtera jo eta AEBtara espedizio ingeles bat iristen deneko unera egiten du atzera saltoa. Bitxikeria modura, esan Placentia izeneko leku bat aipatzen dela.

“Euskal txalupa batean zihoazen, arropa europarrez jantzita, eta inguru haietan Donibane Lohitzuneko arrantzale batzuk ere ibili zirela aipatu zuten natiboek. Placentiatik zetozela azaldu zioten. Gosnold-ek Placentia of Newfonduland-i buruz ari zirela interpretatu zuen, Terronava hegoaldeko arrantzaleen gune ospetsua. (…) Mende batzuk beranduago, Xabier Agote itsas ikerlaria topaketa hura aztertzen hasi zen, xehetasun guztietan erreparatuz. Zalantza handiak ditu natibo amerikar haien jatorria Kanadako Placentia denik, leku hartatik 700 miliatara baitago, txalupa mota horiekin itsasoz iristeko urrunegi”. Halaxe dio, besteak beste, dokumentalaren gidoiaren deskripzioak.

Misterioa argitu nahian

Laburbilduz, uharte bati buruz dihardu dokumentalak, pentsatzen dutena amerikar indioen eta euskal arrantzaleen arteko bizikidetza baten lekukoa izan daitekeena. “Misterioa argitzeko asmoz, 2016ko udaran Xabier Agotek diziplina anitzeko espedizio bat gidatu du uhartera, topaketa haren frogak aurkitzea du helburu”.