Txistua, kantua eta dantza lagun, giro paregabea Soraluzen

Ubane Madera 2018ko mar. 18a, 12:50

Plaza Zaharreko karpapea musikaz eta dantzaz bete zuten atzo, eguerdi partean Urrats Dantza Taldeko eta Txistulari taldeko kideek, Txistudantza egunaren bueltan. Buruhandiak lagun, neska-mutikoak inguruan zirela egin zituzten hainbat dantza. Ezustean, gainera, gonbidatu bereziak batu zitzaizkien, Bizkaitik Soraluzera kantuan egitera etorritako 20 lagun pasa.

Ateri nahi, eta eguna halaxe hasi arren, ez zion horrela eutsi, eta babespean ibili behar izan zuten gehienetan dantzariek eta txistulariek aurtengo Txistudantza egunean. Eguraldiak hoztutako giroa, hala ere, soraluzetarrek berotu zuten dantzekin.

Bizkaitarrekin batera, plazan

Gainera, berezia izan zuten aurtengo jarduna, ez-ohiko gonbidatu bereziak ere izan ziren-eta herrian: Erandiotik eta Astrabuduatik (Bizkaia) etorritako 24 lagun inguruko taldea.

 

Koldo Ariznabarreta eta Juango Eguren soraluzetarren bitartez etorri ziren bizkaitarrak Soraluzera. Kontatu zutenez, ohitura dute noizean behin elkartu eta kantuan jarduteko, herriz herri eta kalez kale. “Normalean han inguruan ibiltzen gara, baina gustatzen zaigu leku eta jende berriak ezagutzea eta horregatik etorri gara. Juanjo eta Koldo Errioxatik ezagutzen ditugu”, esplikatu zuten bizkaitarrek.

Eta horrela, talde bakoitzak bere aldetik, eta tarteka guztiak elkarrekin ere, kantua eta dantza lagun, giro eder askoa sortu dute Soraluzen. Kalejira ikusgarria egin zuten eguerdiko azkeneko orduan guztiek batera, kaleak euskal giroarekin betez.

Kantu hark zioen moduan, bizi-bizi ikusten zen kalea atzo: Kantatzen (dantzatzen) duen herri bat ez da inoiz hilko...