Hiru ordu laurdenez egon zen kamioia pasatu ezinda

Ubane Madera 2018ko mar. 15a, 13:31

Atzo, eguaztena, 11:50ak inguruan jaso zuten abisua Udaltzaingoan: kamioia trabatuta zegoen Etxaburueta kalean, ez atzera ez aurrera, Pub-eko errebuelta eman ezinda. Berehala bertaratu ziren, tartean, Nestor Iñurrieta udaltzaina. Eta bai, hantxe zegoen 12 metro inguru luze zen kamioi artikulatua, enborrez beteta, pasatu ezinda. Bideoa: Kristina Laskurain.

“Hasieran Erregetxera pasatu eta hala-hola han buelta emanda gora bideratzea zen asmoa. Baina azkenean txoferrak esan zuen: Ño! Pasatuko naiz! Eta konfiantza horrekin ba benga, aurrera orduan!” kontatu du Nestor Iñurrietak.

Autoak, edukiontziak...

Edukiontziak mugitu, inguruko auto batzuk ere bai, pibotea kendu… eta hiru ordu laurden luzez keinuka eta txistuka eta herritar ugari begira zituztela adierazi zioten kamioi gidariari ze maniobra egin, eta zela.

“Zortea ere izan genuen lagun. Mugitu beharreko autoen gidariak justu bertan zeuden, pibotea nasai zegoen eta horrek ideia eman zigun berau kentzeko… zorte askorekin lortu genuen kamioiari pasatzen laguntzea”.

Izan ere, zentimetrotako kontua izan zen guztia. “Pibotea kenduta 10 bat zentimetro irabazi genituen. Hala ere, pentsatzen nuen ez zela pasatuko. Baina kamioi gidariak suspentsioa igo, eta horri esker, baranda erruberarekin bakarrik ukitu eta pasatzea lortu zuen. Zentimetro oso gutxiko kontua izan zen”, kontatu du Iñurrietak.

Txalo artean

Jakina, berez, tamaina horretako kamioia ezin da udalerri barrura sartu. “Despiste” baten ondorioa izan zen atzokoa: “Oso jatorra zen gidaria; intentzio txar barik etorri zen; hala ere esanda dago: hurrengoan sartzen bazara hemendik, garabia ekarriko dut eta isuna izango duzu!”.

Kontuak kontu, atzokoak amaiera ona izan zuen, eta herri honetan horrenbestetan gertatu denaren kontrara, balkoirik bota barik eta herritarren txalo artean segitu zuen kamioiak bere bidea. Hori bai, Zubi Nagusira ailegatuta, bertan atsedentxoa hartu ostean, maniobrekin izandako lan eskergaren ondoren.  

Oharra: Bideoak Whatsapp bitartez daude eskuratuta. 

Erlazionatuak

Eta azkenean lortu zuen

Ubane Madera 2018 mar 15 Soraluze