Ikasleei dagokienez, berriz, neska-mutikoen %93a ez da joan gaur eskolara Plaentxi Herri Eskolan. Institutuan, berriz, jakinarazi zuten greba egin arren ere, eskolak izango zirela, eta horrela izan da.
Negoziazioa
Grebaren deitzaileek, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek gogora ekarri dute, besteak beste, 15 hilabete daramatzatela gatazka honekin. Eta uste dute oraingo asteko “bi greba-egunek bultzada handia” emango diotela “mahai ezberdinetan ematen ari diren negoziazio prozesuei”.
Astebeteko grebak
Izan ere, akordiorik lortu ezean, mobilizazioak deitzen jarraituko dutela iragarri zuten sindikatuek. Hurrengoa apiriletik aurrera dago deituta. Alorren arabera banatuta, astebeteko grebak egiteko asmoa dute, hain justu ere.