Ikasleei begiratuta, berriz, neska-mutikoen %91 ez da eskolara joan gaurko egunean. Bertaratu direnei dagokienez, gutxieneko zerbitzuen bitartez emango diete arreta.
11 aldarrikapen
Greba egiteko arrazoiak, edo bestela esanda, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin eta irakaskuntza publikoko langileek babestu dituzte aldarrikapenak 11 dira. Honako hauek:
- Urteotako matrikulazio handitzeari aurre egiteko “beharko liratekeen 2.000 lanpostuetatik apenas 100 proposatu ditu Jaurlaritzak”.
- “Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi eta plantillak egonkortzeko beharko liratekeen 9.900 lanpostu ingurutik 2.192 besterik ez ditu eskaini”. Behin-behinekotasunaren egungo tasa da %31 irakasleen artean, %34 Heziketa Berezian, %40 Haurreskoletan eta %64 Sukaldeetan eta Garbiketan, sindikatuen arabera.
- Gelako ikasle ratioak jaisteko proposamen eza. “Soilik gelak guztiz beterik eta berariazko hezkuntza laguntza beharreko bost ikasletik gora dituzten Lehen Hezkuntzako geletan bi tutore ezartzeko proposamena egin dute. Neurri horrek apenas sortzen dituelarik lanpostu gehiago eta oso ikastetxe gutxitan arintzen ditu lan-kargak”.
- “Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak eta plantilla eta baliabideak gehitzeko proposamenik ez du egin”.
- “Ordezkapenak lehen egunetik egiteko prest agertu da, baina soilik Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan 3. egunetik aurrera”.
- “Haurreskolen doakotasun bidean ez du inolako planteamendurik egin”.
- “Eros-ahalmena berreskuratzeko inolako asmorik ez du agertu”.
- “Bajak zigortzeari uzteko borondaterik ere ez dago”.
- “60 urtetik gora irakastorduak heren bat murrizteko prest agertu da, baita Haur eta Lehen Hezkuntzan 59 urterekin bi ikastordu murrizteko ere, baina erretiroa errazteko neurri eta pizgarririk ez dute mahai gaineratu”.
- “Ikasleen euskalduntzeari begira ere ez dago aurrerapausorik”.
- “Eta LOMCE eta Heziberri bertan behera utzi edota hezkuntzaren merkantilizazioa ekiditeko neurriak kontuan hartu ere ez dituzte egin”.
"Arduraz jokatzeko"
Horiek mahai-gaineratuta, besteak beste, “arduraz jokatzeko” eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Eta baita ere “Hezkuntza Publikoaren beharrei” eta euren aldarrikapenei kasu egitea, “sindikatu, langile, familia eta ikasleen aurkako irain eta salaketak alde batera utziz”.