Bihotz Biriketako Berpiztea zela egin jakiteko ikastaroa

Ubane Madera 2018ko mar. 13a, 10:26
Merkatariak atzoko ikastaroan.

Udalerriko 24 merkatarik (dendariak eta tabernariak) Bihotz Biriketako Berpiztea (BBB euskaraz, RCP espainolez) zela egin ikasteko ikastaroa egin zuten atzo. Anbulatorioko bi mediku, SOS Deiak-eko bi langile eta Udaltzaingoko kideak izan zituzten gidari.

Datu bat: bihotza gelditzen denean, lehen 8 minutuak izaten dira garrantzitsuenak pertsona horrek izan ditzakeen kalteak gutxitzeko. Burmuinak oxigenoa behar du neuronak bizirik mantentzeko, eta oxigenoa gorputzean mugitu eragin behar da. Hori edozeinek egin dezake, gutxieneko jakintza bat baldin badauka. Eta hil ala bizikoa gerta daiteke berpizterako teknikak aplikatzea harik eta laguntza profesionala iritsi arte.

Beste datu bat: bihotza gelditu eta lehen 3-5 minutuen barruan desfibriladorea erabiltzen bada, pertsonen %50-70 salba daitezke.

Horren guztiaren jakitun, halako egoeren aurrean zela jokatu azaltzeko ikastaroa egin zuten atzo udalerriko 24 merkatarik, Gotzon Odriozola udaltzainburuaren ekimenez.

Halako egoerek sor ditzaketen “beldurrak kentzeko” eta bihotza geratzen zaion pertsona bati hasierako laguntza hori eman ahal izateko gaitasuna edozeinek izan dezan bideratu du Odriozolak hau guztiau, “begira egon beharrean, pertsona horri eman ahal zaion laguntasuna handia delako, bizitza salbatu ahal zaiolako”, azpimarratu du hark.

Teoria eta praktika

Hori horrela, berpizte teknikak zela egin eta laguntza profesionala iritsi arte zela jokatu erakusteko teoria zein praktika uztartu zituzten atzoko ikastaroan, anbulatorioko Lourdes Letona eta Ana Zubiaurre medikuek gidatuta, SOS Deiak-eko bi langileren laguntzarekin, Mikel Cifuentes soraluzetarra tarteko, eta udaltzaingoko kideak ere bertan zirela.

Panpinen laguntzaz, eskuzko teknikak ikasi ondoren, desfibriladorea erabiltzen ere erakutsi zieten merkatariei. Izan ere, gaur egun Soraluzen bost desfibriladore daude, beharra sortzen bada, eskatu eta edozeinek erabiltzeko moduan: kiroldegian, Eguneko Zentroan, Udaltzaingoan, Mesedeetako egoitzan eta Ezoziko Fubtol Zelaian. Eta laster Itxaropena elkartean ere izango dute beste bat.

Ikastaro gehiago

Bihotz Biriketako Berpizte ikastaroari dagokionez, berriz, atzo merkatariek egin zuten moduan, eguenean, Sora Futbol Taldearen bueltan dabiltzan entrenatzaileek-eta egingo dute ikastaroa, 18:30ean, udaletxean. Eta udaletxeko langileek ere eginda dute horren gaineko ikastaroa.

Apirilean, berriz, Itxaropena elkartean emango dute halako beste ikastaro bat; eta aztertzen dabiltza ikastetxeetan ere ematea eta aukera zabaltzea ere, herritarrendako beste ikastaro bat antolatzeko.

Guztia, borondatez

Hori guztia, gainera, osasun arloko profesionalak euren borondatez dabiltza egiten, eta zentzu horretan Gotzon Odriozolak hori eskertu egin nahi die guztiei: “Anbulatoriora joan ginenean berehala jaso genuen baiezkoa, medikuak euren ordutegitik kanpo dabiltza ikastaroak ematen, baita SOS Deiak-eko langileak ere, Mendaroko ospitalean ere baiezkoa eman ziguten berehala, hango panpinak laga dizkigute ikastaroak egiteko… guztiei eman nahiko nizkieke eskerrak horrengatik guztiarengatik”.