Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu Tolosan

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mar. 12a, 18:04

Inoiz baino lagun gehiago batu ditu informatikaren bueltako topaketak eta Euskadiko teknologiaren epizentro bihurtu da Tolosa asteburuan.

Informatikaren eta teknologia-zaleen topaleku izan da joan den asteburuan Tolosan egin den Gipuzkoa Encounter, eta aurreikuspen guztiak gaindituz, parte-hartze marka berria ezarri du, 3.200 lagun elkartu baitira, partaideak eta bisitariak batuta. Ekimenak iraun duen hiru egunetan, publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu eta orain arteko topaketarik jendetsuena izan da. Hori horrela, antolatzaileak oso pozik agertu dira "erabateko arrakasta" izan duelako. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago egotera igaro dela.

Prestakuntza-ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

2.600 bisitari

Ohiko 600 parte-hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurbildu dira Tolosako informatika-partyra. Horrela, asteburu batez, Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu da Gipuzkoako udalerria. 600 metro koadroko eremu irekian, Opengunean, hainbat gairen inguruan ikasteko aukera izan da: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste. Horrez gain, etxeko txikienek doako tailerrak izan dituzte robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Eta bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini dituzte.

Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Izan ere, honako ezaugarriak ditu: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Azpiegitura hauek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Tolosako Usabal kiroldegia.

Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.