Izan ere, greba deialdia langile bakoitzari dagokio. Bestela esanda, langile bakoitzak erabakiko du eta hala jakinaraziko dio ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzari zela erantzungo dion eguazteneko eta egueneko greba deialdiari.
Era berean, ikastetxeek gutxieneko zerbitzuak eskaini beharko dituzte euren langile askok greba egin arren; eta besteak beste, zuzendariek ezin dute grebarik egin.
Grebarako "arrazoiak"
Greba egiteko deialdiari dagokionez, berriz, ELA, Steilas eta LAB sindikatuek diote “kalitatezko Euskal Hezkuntza Publiko baten alde borrokan” jarraituko dutela “administrazioaren negoziaziorako borondate eza agerian uzteko”.
“Inposatu nahi zaigun hezkuntza eredu neoliberalen abiapuntua dira ikastetxe publikoetan ematen ari diren murrizketa politikak. Ikastetxetako egoera larria da, jasan ezina kasu askotan. Sortu duten krisiaren ondorioz milaka familia baztertze egoeran geratu dira. Honetaz gain, jatorri eta kultura ezberdinetako familia asko etorri dira Euskal Herrira eta gure ikastetxe publikoetara. Aniztasuna altxor bat da. Baina Hezkuntza Sailaren kudeaketa interesatu baten ondorioz, egoera oso konplexuak bizitzera eraman gaitu eskola askotan, gehiegitan”, gaineratu dute, besteak beste.
Deia ez da bateratua
Oraingoan, baina, sindikatu guztiak ez datoz bat greba deialdi bakarra egiterakoan. Izan ere, ELAk eta Steilasek irakaskuntza publikoko arlo guztietarako greba proposatzen duten arren, LAB sindikatuak hitzarmena adostu du administrazioarekin Haurreskolen partzuergoari dagokionez. Era berean, LABek ez ditu grebara deitu garbiketan, jantokietan zein heziketa berezian diharduten langileak.