Gaur hasiko dira Gida banatzen eta herriko etxe guztietara banatuko dutela adierazi du Udalak, “soraluzetar guztiek eskura izan dezaten herrian eskaintzen denaren gaineko informazioa”. Hain zuzen, gidaren helburu nagusia da herritarrek datuok eskuragarri izatea, eta horrekin batera, ezagutaraztea herrian dauden zerbitzuak.
Azkenengoz, duela bi urte argitaratu zen gida eta, orduan bezala, oraingoan ere, Pil-pilean herri-komunikabidea arduratu da datu-basea eguneratzeaz. Guztira, herrian aktibo diren 190 entitate baino gehiagoren datuak jaso dituzte gidan.
Berrikuntzak
Berrikuntzekin dator aurtengo gida; besteak beste, diseinu berritu dakar, erabiltzaileendako bilaketa errazte aldera. Gainera, merkataritza gidaz haragoko informazioa ere badakar; hala, merkatari eta zerbitzu profesionalen gaineko informazioaz gain, artisauen kontaktuak, 2018ko ekimenen egutegia, zaintzako farmazien egutegia eta zaborren egutegia ere txertatu dituzte, baita herriko desfibriladoreen kokalekuen berri ere.
Paperekoaz gain, Gida internetez ere kontsulta daiteke;plaentxia.eus/gida eta soraluze.eus atarietan.