M8a, sekula baino ageriago herrian

Ubane Madera / Egoitz Unamuno 2018ko mar. 8a, 10:50
Amantal morea herriko balkoi batean.

Emakumeok Planto! leloarekin bat egingo dute gaur, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Soraluzeko emakume askok. Protesta plazaratzen dihardute lantokietan lanuzteak eginez, amantalak balkoietan zintzilikatuz, besoko morea jantziz… Besteak beste, 12:00etarako dago deituta elkarretaratzea, eta jendetsua izatea espero da.

Goizean goiz dagoeneko zintzilik zeuden Plaza Berrian emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzten pankartak eta amantalak ere bai hainbat balkoietan.

Ekintzaz betetako eguna dago iragarrita gaur. Guztiak ere, ekintza aldarrikatzaileak. Izan ere, deia eginda dago, emakumeei zuzenduta; ez kontsumitzeko, lanera ez joateko, etxeko lanak ez egiteko… 

Eragin handia herrian

Udal-zerbitzuetan

Eta horrela egingo dute, ahal duten guztiek gaurko egunean. Eta jakina, horrek eragina izango du zerbitzu askotan: eskolan 11:00etan umeak jaso ahal dira, eta ez da jangela zerbitzurik izango; institutuan 11:00-13:00ak bitartean egingo dute lanuztea; kiroldegian igerilekua itxi egingo dute 11:45etik 12:30era eta kiroldegia bera ohi baino ordubete lehenago, 20:30ean itxiko dute.

Udaletxeko emakumeek ere planto egingo dute, eta hori horrela, arreta bulegoak 11:00etan itxi egingo dituzte. Ludoteka itxi egingo dute. Eta anbulatorioko emakumezko langile askok ere lanuztea egingo dute gaur. Ettxez etxeko laguntza ematen duten lau emakumeek bat egin dute lan uztearekin eta brigadako langile emakumezkoak ere bai.

Merkataritza eta zerbitzuetan

Saltokiei eta tabernei dagokienez, berriz, Bizikale elkarteko hainbat kidek batzarrean erabaki zuten 12:00etarako ateak itxi egingo zituztela, elkarretaratzera joateko; eta hortik aparte, bakoitzak bere erara egingo duela bat lanuztearekin.

Esaterako, Kooperatiba 11:30ak arte egongo da zabalik eta hortik aurrera itxi egingo dute; Gila tabernak lanuztea egingo du 14:00ak arte eta Txuritxu gozodendak ateak itxiko ditu 12:00etatik 13:00etara eta 19:00etatik aurrera.

Bestelako zerbitzuei dagokienez, garbiketan jarduten duen Mari Carmen Alonsok jakinarazi digu, 11:00etan hasita, geldialdia egiten diharduela lanean. 

Enpresetan

Enpresetaraino ere heldu da gaurko greba deialdiaren eragina. GOLen, esaterako, emakumezkoek lau orduko lan uztea egiten dihardute eta hainbat gizonezkok lazo moreak jantzi dituzte. Soraluce kooperatiban, ostera, ez dute lan uzterik egingo, baina emakumezko guztiek elkarrekin bazkalduko dute gaur. 

Gaurko ekitaldiak

Iragarritako ekitaldiak, bestalde, honako hauek dira:

12:00etan, elkarretaratzea, Plaza Berrian.

19:00etan,  Pintxo-pote aldarrikatzailea.

21:00etan, Mujeres del siglo XX filma emango dute, "Ostegunetako pelikulak" zikloaren barruan.