Pentsio kaskarrek emakume izena daukate

Ubane Madera 2018ko mar. 5a, 15:18

Pentsioen aldeko elkarretaratzea, gaur eguerdian.

“Gaur egun 70 urte dituzten emakume gehienek lanari laga egiten zioten, ze enpresek ez zituzten nahi ezkondutako emakumeak, eta dotea eman eta etxera joan behar izaten zuten emakumeek, Sacian, adibidez; halaxe zen orain dela 55 urte; eta horiek dira gaur egun pentsiodunak diren asko”. Martxoaren 8ko astean gauden honetan, halaxe esplikatu dute eguerdiko elkarretaratzean emakume erretiratu askok bizi duten pentsio kaskarraren jatorria.  

230 lagun inguru elkartu dira eguerdian Plaza Berrian pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzean. Geroago eta gehiago izateaz aparte, geroago eta gazte gehiago dabil protesta horrekin bat egiten.

Ezkontzean, etxera

Martxoaren 8ko astea izanda, emakumeen egoerarengan begirada ipini eta haiei buruz galdetuta, salatu dute, oro har, emakume askok gaur egun dituzten pentsio kaskarren jatorria haien kotizazioetan dagoela; izan ere, enpresa askok behartuta, zein gizarteak berez emakumeari “emandako” zereginak tarteko (familia, zaintza, etxea…) ezin izan dituzte gizonezkoek beste lan-urte kotizatu.

“Ezkontzen zirenean, lanari laga egin behar izaten zioten. Ezkontzen ziren emakumeei enpresak dotea ematen zieten (kalte-ordain moduko bat) eta etxera bidali. Emakume batzuk bost urtean-eta lan egin eta gero lagatzen zioten, eta bost urte horiek kotizatuz gero, horiek kobratzen zuten Sovia. Gerora, emakume batzuek lanari eusten hasi ziren, baina zelako kritikekin…”, kontatu dute elkarretaratzean zeuden emakume batzuk.

600-1.000 euro

Orokorrean kopuruei buruz galdetuta, berriz, “gizonezkoenak baino askoz ere pentsio txikiagoak” dituztela kontatu dute beste emakume batzuek: “Nik 600 euro pasa kobratzen dut”, dio 15 urtean kotizatzen ibili den emakumezko batek; “ni ez naiz 600 eurora ailegatzen, eta 600 eurora arteko desberdintasuna eman egiten didate”, dio 22 urtean lanean ibili eta 60 urterekin erretiratu zen beste batek, eta zera ere gaineratu du hark: “Etxe bat saldu genuen, beste bat erosteko; eta urte hartan, antza, bakarrik saldutako etxearen berri izan zuten; bada 600 euro arteraino ematen zidaten desberdintasuna kendu egin zidaten”, gaineratu du azken horrek. “Nik 1.000 euroko pentsioa daukat 40 urte lanean ibili eta gero”, kontatu du hirugarren batek.