“Oso ondo, oso pozik. Umeak hasieran urduri egon ziren, horrenbeste pertsonaren aurrean jotzearren. Baina pozik bukatu zuten, pianoa ikasteko motibazioa gehiagorekin. Eta balio izan zuen konparatzeko, baita ere, euren maila beste ikasleenarekin. Oso esperientzia ona izan zen. Datorren urtean bueltatzeko gogoarekin”.
Horrela laburbildu du Soraluzeko Musika Eskolako piano irakasle Anabel Henaok joan den otsailaren 24an eta 25ean Andoiango piano jaialdian etxekoek izandako esperientzia.
733 ikasle
733 piano ikaslek parte hartu zuten bertan; zazpi soraluzetarrek euren artean. Horietatik bostek A mailan jardun zuten eta beste bik C mailan: Nagore Caballerok, Malen Ugaldek, Julen Calderonek, Miren Osinagak, Iraultza Ostolozak, Aby Montserratek, eta Unai Gabilondok interpretatu zuten pieza bana.
Zazpi domina
Jaialdi horretan ohi dutenez, bukatutakoan egindako lanaren aitortza modura diplomak eta dominak banatu zituzten. “Gutxienekoa da zelako domina eskuratu, ze urduritasunak asko baldintza dezake emaitza. Edozelan ere, emaitza oso ona izan da: bi urrezko, hiru zilarrezko eta bi domina brontzezkoak”, horixe ekarri zuten Andoaindik Soraluzera etxeko piano-jole gazteek.
Hori ere eginda, orain, udaberriko kontzertua prestatzen dabiltza buru-belarri. Martxoaren 21ean izango da.