Langabezia behera, Soraluzen eta Debabarrenean

Ubane Madera 2018ko mar. 2a, 10:14

Zubi nagusia.

Beheranzko joerarekin segitzen du langabeziak Soraluzen. Otsaileko datua da udalerriko bizilagunen %13,98 dagoela langabezian, bestela esanda, 262 lagun. Datua bestela irakurrita, urtarrilean baino 11 langabe gutxiago da hori eta abenduan baino 20 gutxiago. Hori bai, Soraluzek segitzen du izaten Debabarrenean langabe gehien dituen udalerria.

Iazko abenduan egin zuen gora langabezia tasak Soraluzen, irailetik jaisten ibili eta gero. Adibide bat: urrian %14,94ko langabezia tasa kontabilizatu zuten udalerrian eta beherako bidea hartu ondoren, abenduan %15,05era igo zen.

Atzera ere behera

Urtarrilean, berriz, atzera ere hartu zuen beherako bidea, eta orduan %14,57ko tasa neurtu zuten, 273 langabe, alegia. Orain, berriz, 11 gutxiago izanda, 262 langaberekin %13,98ko langabezia tasa dauka Soraluzek. Beheranzko bidea hartu du, bada, atzera ere.

Eskualdean, denetik

Eskualdeari begiratuta, berriz, denetariko joerak ikusten dira: batzuek behera egin duten moduan, beste batzuek gora egin dutelako. Orokorrean, baina, batez beste eskualde mailan ere behera egin du langabe kopuruak. Hori bai, Soraluze da langabe gehien izaten segitzen duen udalerria.

Hona hemen datuak, herriz herri:

  • Deba: 204 langabe- %7,65eko tasa (jaitsi egin da)
  • Eibar: 1.711 langabe- %13,43ko tasa (jaitsi egin da)
  • Elgoibar: 521 langabe-%9,42ko tasa (gora egin du)
  • Mendaro: 81 langabe- %8,19ko tasa (jaitsi egin da)
  • Mutriku: 211 langabe- %7,93ko tasa (gora egin du)
  • Soraluze. 262 langabe- %13,98ko tasa (jaitsi egin da)
  • Debabarrena: 2.990 langabe- %11,30eko tasa (jaitsi egin da)