Gaixotasun batek eragindako ezintasuna da, hain justu ere, Juicerfull-en jatorria: Artritis reumatoidea diagnostikatu zioten orain urte batzuk Josean Fulgenciori. Gaixotasun horrek min handiak eragiten zizkion artikulazioetan eta ahultasun handia eskuetan. Eta horrek eragotzi egiten zion goizetan horren gustuko duen laranja zukua egitea. “Mota guztietako zukugailuak erosi eta probatu nituen, baina batek ere ez zidan arazoari konponbiderik eman”; eta hori ikusita Juicerfull-a sortzeko eta garatzeko ideia izan zuen.
Zarata eta argindar barik
Juicerfull-ek dituen ezaugarri nagusiak honakoak dira: erabiltzeko eta garbitzeko erraza da, argindar barik funtzionatzen du, ez du zaratarik egiten eta dotorea da. “Nire ustez laranja zukua modu naturalean egin behar da, argindar barik, zarata barik, garbitzeko modu erraza duen tresnarekin, etxean izateko diseinu kuriosoa duenarekin eta apurtuko ez denarekin. Gaur egun etxeko tresnak berehala apurtzen dira, eta gero batek daki non bukatzen duten: desertuetan, itsasoan… Lau modelo probatu nituen eta orain erabiltzen dudanarekin egin nuen aurrera, azkenean”, kontatu du Fulgenciok.
Patentatu eta crowfounding-a
Iaz patentatu zuen Juicerfull-a Josean Fulgenciok, Arrasateko enpresa baten laguntzarekin eta aholkularitzarekin. Baina ez du fabrikatu tresnarik, crowfunding bitartez egin nahi du hori. Ideia da 500 halako fabrikatzea. “Jendearen interesa zenbaterainokoa den jakin nahi dut. Ikusiz gero interesa handia dela eta crowfounding bitartez saltzen bada, errazagoa da enpresek ere interesa erakustea. Azken batean crowfounding-a izango da jendearen feed-backa jasotzea moduko zerbait”.
Crowfounding egiteko, pertsona talde bat zukua egiten ipini nahi du, eta gero bideoa grabatu. Ahalik eta lasterren egin nahi du, lan kontuek utzi bezain laster, ahal bada, uda aurretik. Hainbat aukera emango ditu crowfounding-ean parte hartzeko: proiektua beste barik babestu nahi duenak berak nahi duen ekarpena egin dezake; baina Juicerfull-a eskuratu nahi duenak 100 euroko ekarpena egin beharko du gutxienez.
Guztia inguruan eginda
Juicerfulla Durangoko enpresa batean fabrikatuko luke, leunketa Soraluzen eta marmola Bergaran eskuratuko luke; aluminiozkoa da, altzairu herdolgaitzezkoa eta granitozkoa. “Horiek dira materialik politenak eta ondoen geratzen direnak”, esplikatu du Fulgenciok. Edozelan ere, juicerfull.es web orrian erakusten ditu Juicerfull aukerak, diseinu eta material mota desberdinekin egindakoak. Josean Fulgenciorekin harremanetan jartzeko: juicerfull1@gmail.com (656 75 34 14).